Getxoko Udaltzaingoak SMS mezuak bidali eta abisuak eman eta jarri ditu inguruko zerbitzuko, ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan, eta hainbat ataritan ere, denboralearen larritasunaz ohartarazteko eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako indarrean jarriko diren eteteen berri emateko. Esan, 16:00etatik aurrera Arriluzeko biribilgunetik ezin izango dela Kirol Portura, Ereagako hondartzara eta Portu Zaharrera pasa. Era berean, udalerriaren goiko partetik hondartzarako eta Portu Zaharrerako oinezkoentzako jaitsierak ere itxiko dira. Udaltzaingoa etengabe izango da aipatutako aldean, egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzeko.
Gainera, herritarrei gomendioei eta neurriei kasu egiteko eskatzen zaie eta arrisku handiko guneetara ez hurbiltzeko. Aldi berean, horrelako egoeratan iragartzen diren aholkuei ere kontuan hartzeko ere eskatu du Udalak, horien artean, itsasontziak ez erabiltzea, beren loturak begiratzea; itsas kirolik ez praktikatzea eta kostaldearen ondotik doazen errepideetatik ez ibiltzea. Larrialdietan, 112 zenbakira edo Getxoko Udaltzaingoaren 944 660 202 telefonora deitzea eskatu dute.
Aurreikuspenak
Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du astelehen arratsaldetik aurrera eta astearteko lehen orduetarako hamar metroko olatuengatik. Azaldu duenez, olatu handiez gain, marea biziak ere izango dira, batez ere astearte goizaldean. Hori dela eta, otsailaren 2an euskal kostaldea kaltetu zuen denboralearen "ezaugarri berdinak edo larriagoak" izan ditzakeelako datozen egunetan datorrenak. Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzuen Zuzendaritzak azaldu du astelehenean olatuek altuera "azkar" igoko da zazpi-zortzi metrotatik bederatzi-hamar metrora. Horregatik, lehen orduetan alerta laranja ezarriko dute eta 16:00etatik aurrera gorria izango da.
Itsasgora, unerik kritikoenetako bat, 18:15ean izango da. Hala ere, Segurtasun sailak esan du olatu altuenak izango diren unean, asteleheneko gauerdian, itsasbehera izango da.
Asteartean, alerta gorriak goizeko bederatziak arte jarraituko du eta ordutik eta gaueko bederatziak arte, abisu alerta laranja ezarriko dute. Olatuen altuera jaisten joango da bederatzi-hamar metrotik bost metrora, arratsaldean. Itsasgora 18:52an izango da. Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzuen Zuzendaritzak iragarri du asteartean abisu horia ezarriko dute batez ere kostaldean izango diren 100 kilometro baino gehiagoko haize boladengatik.