Asteartean, martxoaren 4an, olatuak txikitzen joango dira; 9-10 metrotik 6-7 metrora eguerdian, eta 4-5 metrora egunaren amaieran. Era berean, hondoko itsasoak ere behera egingo du, bederatzi metrotik sei metrora arte, eguerdian, eta lau metro ingurura arte arratsean. Olatualdiaren tarteak ere behera egingo du, 19-18 segundotatik 16 segundora arratsalde partean.
Olatu oso handiak izango dira, eta horri mareak ere oso biziak izango direla gehitu behar zaio. Gaur arratsaldean, itsasgora 18:00ak aldera izango da (Bilboko portuan 18:15ean izango da, 4,63 metrorekin). Une horretan 9-10 metrora hel daitezkeen olatuak espero dira; hondoko itsasoa 8-9 metro ingurukoa eta 18 segundoko tarteak. Hurrengo itsasgora astearte goizeko 06:30 aldera izango da (Bilboko portuan 06:33an, 4,83 metrorekin) eta olatuak 8-9 metrora iritsiko dira; hondoko itsasoa zortzi metro inguruan izango da eta 18 segundoko tarteak.
"Alderdi positibo gisa", Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azpimarratu du olatu handienak gerta daitezkeen unean, gaur gauerdi aldera, itsasbehera izango dela (Bilboko portuan 00:17an, 0,64 metrorekin).
Horrela ba, olatu handiek eta marea biziek bat egitearen ondorioz, alerta gorria abiarazi da gaur arratsaldeko 16:00etatik astearte goizeko 09:00ak arte. Unerik zailenak itsasgoretan izango dira. Azken finean, olatu oso handiek eta marea oso biziek bat egiten dutenean joan den otsailaren 2an izandako denboralearen antzeko zerbait gerta daiteke, latzagoa ez bada.