Arkaitz Goikoetxea eta Iñigo Gutierrezentzat 675 urteko espetxe zigorra eskatzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 3a, 19:14

Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari zaien epaiketan, AVTren zein akusazio partikularraren galderei erantzuteari uko egin diote gaurkoan Arkaitz Goikoetxea Basabe getxoztarrak eta Iñigo Gutierrez Carrillo algortarrak. Jurdan Martitegi Lizaso durangarrarekin batera, 2008ko martxoaren 21ean ETA erakunde armatuak Calahorrako (Errioxa) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba furgonetarekin egindako atentatua leporatzen diete; baita Asier Borrero Toribio algortarrari ere. Azken hori, ordea, ez dute gaur epailearen aurrera eraman. Frantzian espetxeratuta daukate. Bada, Goikoetxeak abokatuaren galderei erantzunda, atxilotu zutenean poliziaren aurrean egindako deklarazioak "ez ziren borondatez egindakoak izan, ezta benetakoak ere", Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldutakoaren arabera. Azkorrikoak Guardia Zibilaren aurrean jasandako "tratu txarrak eta torturak" salatu zituen bere garaian. Baita Gutierrezek ere. Algortarrak atentatuan parte hartu zuenik ukatu eta hainbat lagunekin zegoela esan du, iturri berberen hitzetan. Bakoitzarentzat 675 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, hilketa saiakuntza 33 delitu, terrorismo txikizioa, lehergaien jabe izatea, ibilgailuen lapurreta eta bi pertsona atxiki izana leporatuta. Zazpi pertsona zauritu ziren, horien artean Guardia Zibileko bi agente. Argazkian, auzokide bat Gutierrezen argazkia eskuan.

Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Iñigo Gutierrez Carrillo 2008ko uztailaren 22an egindako sarekadan atxilotu zituen Guardia Zibilak; baita Aitor Cotano Sinde algortarra ere. Asier Borrero Toribio, berriz, 2009ko uztailaren 4an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Okzitanian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun