Alarma gorria gaur goizeko bederatzietara arte egon da indarrean, 9-10 metroko altuerako olatuak izan baitira. Ondoren, 21:00etara arte, laranjara jaitsi dute alerta egoera, eta espero da tarte horretan olatuak 6-7 metrokoak izatea. Barnealdean, berriz, abisu horia eman du
Euskalmetek haizeagatik. Maila txikiagoan bada ere, aterta egoerak jarraitzen duen arren, kalteak zenbatzen hasi dira jada hainbat erakunde. Aipatzea itsasadarrak gainezka egin zuela atzo iluntzean Erandion, hainbat kale urez betez. Algortako Ereaga hondartzari dagokionez, "itsasoak irentsi" egin zuela diote lekukoek. Hala ere, kalte gutxi eta adar eta hondakin ugari dira atzo arratsaldeko eta gaur goizaldeko olatuek Getxo udalerriko kostaldean eragindakoaren lehenengo balantzearen emaitza. "Neurri handi batean,
Getxoko Udalak babesteko eta prebenitzeko indarrean jarritako neurriei esker", adierazi dute tokiko arduradunek. Une honetan garbiketa zerbitzuak Ereaga hondartza eta ingurua garbitzeko ari dira lanean, adarrak, egur zatiak eta hondakinak kentzeko. Horretarako, besteak beste, indusmakina bat eta hiru traktore ari dira lanean. Garbiketa lanek irauten duten bitartean, Ereaga hondartza ondoko oinezkoentzako pasealekua itxita egongo da, Pedro Bilbao medikuaren estatuatik (Igeretxe parean) Ola jatetxeraino. Ibilgailuen zirkulazioa zabalik dago. Argazkian, une honetan garbiketa zerbitzuak Ereaga hondartza eta ingurua garbitzeko ari dira lanean.