Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturalak ohiko batzar nagusia eginez emango die gaur hasiera martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekitaldiei. Lehenengo deialdia 17:45ean eta bigarrena 18:00etan jarri ditu Altzagako azoka zaharrean. Bada, egitarauarekin jarraituz, "Interrupción voluntaria del embarazo. Ley Gallardon" izenburuko hitzaldia izango da asteazken honetan, hilak 5, 17:45etik aurrera, Altzagako azoka zaharrean. Miriam Herbon soziologo eta genero indarkeria adituak eskainiko du. Aurretik, goizeko 10:30ean, Bilborantz abiatuko dira metroz, Ernesto Neto brasildarv artistaren "El cuerpo que me lleva" erakusketa ikusteko Guggenheim museoan. Ostegunean, hilak 6, bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte azoka zaharrean. Elkarteak adierazi duenez, erakusketa zein oturuntzarako aurretik egin behar zen erreserba. Amaitzeko, ostiralean, hilak 7, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, Erandioko udaletxe aurrean. Eta adierazpena irakurri ostean, martxa Altzaga eta Astrabudua artean. Amaitzeko, jaialdia (elkartearen aurkezpena iruditan), luncha eta oparien zozketa) izango da, 18:30etik aurrera, Altzagako azoka zaharrean. Argazkian, martxoaren 8ko elkarretaratzea Erandioko udaletxe aurrean, aurreko batean.