Itsasoko basa faunak urtearen hasieratik itsasoan gertatu diren ezohiko egoera horiek jasan behar izan ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez. Eguraldiaren baldintza gogorren ondorioz, hainbat itsas hegazti lurraldeko kostan agertu dira, asko hilda, beste batzuk, berriz, larri zaurituak. Hilabeteko epean, Gorlizko zentroak ehunka ur-hegazti jaso ditu, hala nola, pottorro arruntak, martin arruntak, lanperna-musuak, marikoi arruntak, eta abar. Horietako hogei bat errekuperatu egin dira. Modu berean, muturreko egoera horiek itsas ugaztunengan ere eragina eduki dute. Hala, urtarrilean zehar, hiru foka gris zentrora eraman zituzten. Animalia horiek Bizkaiko kostako zenbait tokitan aurkitu zituzten, zehazki, Lekeition, Ibarrangelun eta Bermeon. Horietako batek bakarrik lortu du suspertzea, Lagako hondartzan aurkitu eta atzo Irene Prado Nekazaritza diputatuak itsasora bueltatu duenak hain zuzen ere.
Animalia mota hori Bizkaiko hondartza eta portuetan aurkitzea ez da arraroa, noizbehinkakoa bada ere, aipatu dutenez. 2003tik 2014ra, Gorlizko zentroak guztira 10 foka artatu ditu. Foru zentroak harreman estua dauka AMBAR Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartearekin. Azken horren helburu nagusia itsas faunaren gaineko ezagutza eta interesa sustatzea da, bai ikerketak eginez, bai kontserbazio eta zabalkuntza jarduerak garatuz. Talde horien boluntario sareari esker eta euskal kostaldean fokak agertzen direnean (bizirik edo hilda) jardute aldera ezarritako protokoloei esker kalkulatu da abenduaren 28tik 20 foka gris bizirik agertu direla Bermeo, Mutriku, Muskiz, Donostia, Pasaia, Orio, Getaria, Plentzia, Bilbo eta Zumaian eta beste 5 hilda Gorliz, Pasaia, Bermeo eta Portugaleten.
Ekaitzek itsas faunan dituzten eraginak
Askatu diren animalia horiek guztiak gaur egun itsasoan bizi direnez eta han lo egiten dutenez, ekaitzak ez dira nabarmendu gabe gertatzen haientzat. Haien bizi- eta arrantza-azturak hein handi batean zailtzen dituzte, baldintza klimatologiko gogorretara etsi-etsian moldatzen saiatzen direnean energia-ekarpen handiagoak behar dituzte, eta, ondorioz, gorputz-erreserbak agortzen dituzte, zargaltze konponezinera heltzen dira eta hil ere egiten dira.
Oraindik bizirik hartzen diren aleen gorputz-tenperatura nekez heltzen da 37 °C-ra, eta horregatik ez diete bizi-konstanteak mantentzen saiatzeko fluidoterapia-tratamenduei erantzuten. Horrela, inkubagailuetan hidratatu behar dituzte. Gero, beste nutrizio-tratamendu batzuekin jarraitzen dute. Jarraibideak handituz joaten dira berriro ere arrainak digeritzeko gai diren arte. Orduan, igerilekuetara eramaten dituzte eta, ondoren, itsasoan sartzen dituzte berriro.
Gorlizko zentroaren balantzea
2013. urtean, Gorlizko zentroak guztira 140 espezietako 865 animalia jaso ditu: 539 hegazti, 271 ugaztun eta 55 narrasti. Suspertu eta naturara itzultzen diren animalien batez bestekoa ehuneko berrogeita hamar ingurukoa da.