Emakumearen elkarteak antolatutako martxa igandean (hilak 9) izango da, taldearen egoitzatik 10:00etan irtengo delarik. Gero, 12:30ean, “Berdintasunaren aldeko jaia” ospatuko dute frontoian. Berdintasunaren aldeko ekintzak, tailerrak, ipuin-kontalariak eta txikipark egongo dira. Errebindikazio mezuak izango dituen “photocall”ak, “El jardín de los deseos” delakoan kokatuko diren mezu pertsonalek, kaleko antzerkiak eta musikak, jaia girotuko dute. Jardunaldi honetan oilaskoa, piperra eta sagardoa eskainiko dira, 1,50 euroren truke. Bildutako diru guztia beharrak dituzten Berangoko pertsonei zuzenduko da.
Egitarauarekin jarraituz, martxoaren 14an, ostiralarekin, “La mujer en la Guerra Civil en Euskadi” hitzaldia eskainiko du Guillermo Tabernillas Sancho de Beurko elkarteko kideak. Saioa 19:00etan izango da Berangoetan.
Irteera kulturala
"Imajinatu ahal duzu Berangoko emakumeek Gasteizerako txango batean parte hartzea Toti Martinez de Lezea gidaria izanik?", bota du amua Udalak. Idazleak hiriko txoko desberdinak erakusteko bere burua eskaini du. Parte hartzaileek, “La sombra de la catedral” eta “La calle de la judería”, berak idatzitako liburuetan agertzen diren lekuak ezagutzeko aukera izango dute, Totiren eskutik. Idazle gasteiztarrak emakumeek hiriaren historian izan duten papera erakutsiko du apirilaren 5ean egingo den ekintza berri eta original horretan. Ondoren, bazkari batez gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek Itxasberri jatetxean, eta gero Santa Maria katedralaren barrualdetik bisita gidatua egingo dute. Izena emateko epea martxoaren 10etik 21era zabalik egongo da, kultur etxeetan. Txartelak 35 eurotan egongo dira.
Baina, behin hilaren erdialdea gaindituta, ekitaldi gehiago egongo dira. Martxoaren 16an ipuin-kontalari saioa izango da. “Chicos y chicas por un mundo mejor” izeneko saioa 18:00etan hasiko da, Berango Antzokian. Berangoetako kultur etxean, hilaren 20an, zineforum saio bat egongo da, 18:30ean. 22an, bluegrass, country eta gospel musikako kontzertua eskainiko duen Arkansaseko Doc's Friends taldea egongo da antzokian. Eta leku berean “Macho maris” aurkeztuko da 29an, 19:00etan.