Getxoko alkatearen hitzetan, “gure udalerria hobetu eta aurrera egin dezan sortutako aurrekontuak dira hauek, kohesio sozialean oinarritzen direnak”. Gaineratu duenez, “aurrera egiteko denok jardun behar dugu elkarrekin, inor atzean utzi gabe, are gehiago krisi garai hauetan, non elkartasuna edo justizia soziala bezalako kontzeptuek zalantzarik gabeko protagonismo hartzen duten. Aurrekontu orekatuak eta zuhurrak dira, errealitateari egokituak, erantzunkizunetik eta baliabide publikoak kudeatzerakoan gure Udalak ezaugarri duen zorroztasunetik diseinatuak”.
Tokiko erakundetik azaldu dutenez, 2014ko urtarrilaren 1ean Udalak 28,2 milioi euroko maileguak zor zituen. Aurten 3,3 milioi itzuliko omen dira. Interes-tasari dagokionez mailegu horiek izenpetu ziren salbuespenezko baldintzak kontuan hartuta, mailegu horiek behar baino lehenago kitatzea "ez litzatekeela egokia" uste dute agintari getxoztarrek.
"Udalak gastu arruntei eusteko estrategiarekin jarraitzen du", aipatu dutenez. Ondasunen eta zerbitzuen erosketari dagokionez, ustekabekoen partida kendu egin nahi dute, 2013an bi milioi eurokoa zena. Diru-laguntzak eta laguntzak, bestalde, %4,8 gehitu nahi dituzte. "Ekitaldiko inbertsioak horietan sortutako diru-sarrerekin finantzatzen dira, udalerrian ordaintzen diren zergak eta tasak igo beharrik gabe, zorpetze berri batean sartu beharrik gabe edota lursailak saldu beharrik gabe", aipatu dutenez.