Toti Martinez de Lezea Gasteizen jaio zen 1949an. Idazlea da, euskaraz zein espainolez, eta itzulpengintzan ere aritzen da. Izan ere, ingelesetiko, frantsesetiko eta alemanetiko itzulpengintzako ikasketak egin zituen. Telebistako gidoilaria eta aktorea ere bada, eta Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen 1978an eta bost urte eman zuen konpainian. Larrabetzun bizi da egun.
Eleberri historikoa landu du bereziki, eta arlo horretan arrakasta handia lortu du Euskal Herrian. Haur literatura ere egin izan du. 1980ko hamarkadan, ETBrentzat haur eta gazteentzako saioetarako gidoiak idatzi zituen, euskaraz, bai eta saioak zuzendu ere. Bitartean. "Euskal Leiendak" bildu eta argitaratu zituen 1986an. 1992an, itzulpen lanetan murgildu zen.
1998an bere lehen eleberria idatzi zuen, arrakasta handikoa, "La calle de la Juderia", XV. mendeko Gasteizko familia judu baten bizitza kontatzen duena. Harrezkero, arrakasta handiko eleberri asko idatzi ditu, genero historikoaren barruan denak. Hona hemen horietako batzuk: "Las torres de Sancho" (1999), Nafarroako errege Antso Handiaren garaian kokatua; "La Herbolera" (2000), Durangoko sorgin-ehizari buruzkoa; "Señor de la guerra" (2001), Euskal Herriko Erdi Aroko alderdi gerrei buruzkoa; "La abadesa" (2002), Fernando V.a Katolikoaren sasi alaba baten bizitza kontatzen duena; "Los hijos de Ogaiz" (2002), Lizarrako XIV. mendean kokatua, izurri beltzaren garaian; "La voz de Lug" (2003), K. a. I. mendean kokatua, asturiar eta kantabriarren arteko gerren garaian; eta "La comunera" (2003), XVI mendearen hasieran kokatua, Gaztelako Komunitateen aldekoen eta Espainiako koroaren arteko gerraren garaian; "A la sombra del templo" (2005); "La cadena rota" (2005); "La brecha" (2006), 1813ko Donostian kokatua; "Placeres reales" (2008); "La flor de la argoma" (2008); "Perlas para un collar" (2010), "La Universal" (2011), "Veneno para la Corona" ("Pozoia Koroari", 2011); "Mareas" ("Urak dakarrena"), euskal kostaldeko 35 emakumeren istorioak hizpide hartzen duena (2012); eta "Itahisa" (2013).
Gazte literatura ere landu du, genero historiko horren barruan baita ere: "El mensajero del rey" (2002), Antso Azkarra Nafarroako erregeak Marokora egindako bidaia kontatzen duena; "La hija de la luna" (2003), Zugarramurdiko sorginen epaiketari buruzkoa; "Antso Nagusia: Baskoien errege handia" (2003); baina, batez ere, ezaguna egin da Juan Luis Landa marrazkilariarekin batera sortutako Nur neskatoari esker. 2008an argitaratu zuten lehen liburua, "Nur eta irlandar gnomoa" eta pasa den Durangoko Azokan seriearen hamargarrena, "Nur eta kobazulo liluragarria", aurkeztu zuten. Liburu guztiak euskaraz eta espainolez argitaratu dituzte eta sagaren lehena dagoeneko ingelesez eta katalanez ere atera dute.