Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak
koordinazio teknikoko bilera izan du gaur Bilbon, Bizkaiko kostaldeko herrietako eta Foru Aldundiko ordezkariekin eta Espainiako Kosta Zerbitzuko zuzendaritzarekin, urtarrileko eta otsaileko denboraleek eragindako kalteak kuantifikatzeko. Horrela, Estatuaren ekintzak zenbatu gabe, Bizkaiko kostaldean 13.448.538,88 eurotan zenbatetsi du kostu totala Gasteizko Gobernuak, eta %10 handiagoa izan daiteke martxoan izandako denboralea kontuan hartuta. Uribe Kosta eskualdeari dagokionez, Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Armintzan 163.000 euroko kalteak izan dira, Gorlizen 25.000 eurokoak, Plentzian 315.000 eurokoak, Barrikan 60.000 eurokoak, Getxon 85.500 eurokoak eta Sopelan 21.500 eurokoak, Azken udalerri horretan, baina, otsaileko lehenengo asteburuan olatuek Arriatera hondartzako lokaletan eragindakoak baino ez dituzte kontutan hartu. Horretaz gain, Arriaterako pasealekuko baranda guztiak, Atxabirileko hondartzako eskaileretako baranda, eskailerak, harresia, porlana, eta abar hondatu zituen,
tokiko Udalak jakinarazi zuenez, diru-galera 83.000 euro baino gehiagoan jarriz. Argazkian, Atxabirileko hondartzako eskailerak txikituta / ©
Sopelako Udala.