Martxoaren 29an izango da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 7a, 11:45

Sopelako AEK-k martxoaren 29an, larunbatarekin, egingo du Esaera Zaharren Txapelketaren 21. edizioa, “Egarri dagoenari... ur lohirik ez!” lelopean. Eta urtero bezala, giro jatorra eta euskalduna izango da herrian. Betiko legez, txapelketan parte hartzeko taldeak osatu beharko dira (2-4 kide, denak 16 urtetik gorakoak), eta martxoaren 24a izango da izena emateko azken eguna. Hori egiterakoan taldearen izena, kideren baten telefono zenbakia edota posta-helbide elektronikoa eman beharko da. Taldeek hamar euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan, inskripzio gisa. Bazkariak, berriz, 20 euro balioko du. Dirua aldez aurretik sartu beharko da honako kontuan: 3035 0196 73 1961090811 (Laboral Kutxa), taldearen edo kideren baten izena adierazita. Informazioa eta izen emateak: telefonoz (618 574 445 / 695 774 015) edo posta elektronikoz (aitor-f[abildua]aek.org / jose-p[abildua]aek.org) egin daitezke. Argazkian, jende mordoa batu ohi da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan.

Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute ALBEko kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako. Puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen.

Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta bertsolarien ahoetatik.

Parte hartzaileek aldez aurretik 100 esaera zahar ikasi beharko dituzte.

Sariak ondokoak izango dira: asteburua landetxe batean irabazleentzat eta 4 pertsonarentzako afariak finaleko taldeentzat. 100 esaera horietatik berariaz egun horretarako sortua dena asmatzen duenak ere sari berezia jasoko du (99 zaharrak dira, bilduma, liburu, aldizkari edo web-orrietatik aukeratuak; bestea, ostera, berria da).

Esaera zaharrak eta horien azalpena ondoko loturan: Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa.

Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren 21. edizioko kartela (jpg)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun