Karmelo Landa: "Fiskala gobernuaren ahotsa baldin bada"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 7a, 18:07

Karmelo Landa - Berria.info] Fiskal hau Gobernuaren ahotsa baldin bada, txarto dabil Gobernua, fiskala bera bezainbeste. Nolako goiza eman digun gaur Fiskal jaunak "Audiencia Nacional" honetara ekarri gaituzten guztioi! Guztioi diot, eta auzipetuez gain, abokatuak, kazetariak... eta epaileak ere sartu beharko nituzke agian akusatzaile nagusiaren biktimen artean. Benetan diot, fiskalak bere erretolika ulertezina hedatzen zuen bitartean, gainontzeko guztiok zeharka elkarri begira izan gara hainbat unetan. Zer demontre esan nahiko du honek? Zuekin konpromiso hau hartu nuen eta, saiatuko naiz, zinez, han bizi izan duguna transmititzen. Saiatu, diot. Gaur bere azken txostena aurkeztu behar zuen fiskal jaunak, edo argiago esanda, guztion aurrean esan behar zuen ea aspaldian,oso aspaldian plazaratu zituen akusazio larri eta zigor eskari espantuzko haiei eusten dien ala ez. Eta zergatiak azaldu, jakina. Hor hasi dira fiskalaren larritasunak eta gure kuitak: malabarismoetan hasi zaigu, eta orain arte "ETAko partaide" izatearen akusazio larria aurkezten zuen tokian, gaur “Herri Batasunako partaide” izatea jarri du, eta horren gainean eskegi nahi izan ditu gure aurkako zigor eskariak. Argazkian, Karmelo Landa agerraldi batean, artxiboko irudian.

Are gehiago, epaileei zuzendu zaie halako mezuaz: “orain arte inoiz egin ez dena egin beharko duzue, Herri Batasuna bera zigortu”. Baina, baina... Zur eta lur epaileak ere puntu horretan. Aurpegi luzeak. Baina ez zen, bada, legala Herri Batasuna, 2002 urte hartan Sumario hau ireki zen arte, hain zuzen ere? Baina, ez da, bada, zuzenbide penalaren arloan printzipio sakratua ezin direla “pertsona juridikoak” (Batasuna) bide penaletik epaitu, eta pertsona fisikoen jokabide zehatzak epaitu behar direla, ezinbestean?

Inork ez du hemen fiskal jauna ulertzen. Fiskal jaunak ulertzen al du bere burua? Norbaitek esan beharko dio zerbait, benetan. Esan, adibidez, 35/02 makro-sumario hau aspaldiko 2002 urte hartan kiribildu zutela endredatzaile ezagun batzuk, Garzon izeneko batek, Aznar izeneko besteak eta enparauek, orduko helburu zehatz bat lortzearren: ezker abertzaleko erakunde guztien legez kanporatzea eta txikitzea. Baina gaur beste garai batzuetan bizi garela, tartean hamabi urte luze joan direla, eta ez alferrik. Ezker abertzaleko erakunde politiko guztiak berriro ere legezkoak direla, garela; hemen gauden (eta fiskal jaunak kartzelan nahi gaituen) gu guztiok, ordea, bakeari eta elkarbizitza demokratikoari bideak parez pare zabaltzeko lanetan dihardugula aspaldi honetan. Eta ez dela kontu, beraz, aspaldiko anakronia absurdu haiek hona ekartzen ibiltzea.

Susmoa dut, hala ere,fiskala bera ere konturatu dela, azkenerako, bere perorata hura ez zela saltzen erraza, eta dribling behartua egin du, oreka galdu eta dena erortzeko arriskuan jartzen duen horietakoa. Hara fiskalaren okurrentzia bitxia: "ez diet zigorra kenduko, halakorik ez (ze irudi emango genuke, nik neuk eta nire Gobernuak, hamabi urteen ondoren). Baina bakan batzuk apartatu egingo ditut kasutik, eta besteei zigor eskaria majo murriztu. Ea horrela aurpegia salbatzea lortzen dugun, behintzat!" Eta hor etorri zaigu, azken minutuko filtrazioa eginda Madrileko egunkari ziztrin batean, eta gero bere hitzetan azalduta, beherapenekin. Merkeagoa bai, baina lehen bezain absurdua, gizona! Sumario hau guztia disparatea baldin bada, hasiera hasieratik, eta denbora pasa ahala okerrera baino egin ez badu, nola uste duzu, fiskal jauna, beherapenak eginda ezer konponduko duzunik? Ez, gizona! Ez, gizonaren atzetik dagoen Gobernua! Utzi behingoz makro-prozesu politikoak, utzi zigor politikoak ! Hasi politika librean egiten, horretarako sasoia da eta. Libre auzipetuok, libre bakean eta elkarbizitza demokratikoan herria. Bihar bertatik hasita, gure txanda. Guk bai esango dugula argi eta garbi:

Baietz! libre!

Karmelo Landa auzipetua eta Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun