Plentziako Astillero plazan elkarretaratzea egitera deitu dute makina bat kolektibok, "Indarrak batuz, emakumeen gorputza, emakumeen eskubidea", lelopean. Besteak beste, honako eragilek deitu dute ekimena: Araldi, langabetuen asanblada, Danontzat gaztetxea, Barrikako Emakumeen Hitza elkartea, Ernai, Isertegi kultur elkartea, Kandelaria, Legarrondo euskara taldea, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanblada eta Plentzia TeleBista.
Mankomunitateko ekitaldiak, goizez
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak ere larunbatean egingo du ekitaldi nagusia: goizeko 9:30ean (izena emateko 09:00etan) abiatuko da Plentziatik mendi martxa. Berangotik, berriz, bizikletaz abiatuko dira 10:30ean. Horiek guztiak 12:30ean Armintzako frontoira heltzea espero dute antolatzaileek. Izan ere, 13:00etatik aurrera egingo dute bertan ekitaldia, Emakumeen Hitza elkarte barrikoztarrak antzerkia eskaini eta mankomunitateko arduradunek adierazpena irakurriko dutela.
Igandean ere, aldarrikapena nagusi
Azkenik, Sopelako Asanblada Feministak deituta, "Abortu libre, doakoa eta askearen alde!" izeneko bideoa filmatuko dute Jauregizar plazan, igande arratsaldean, 16:30ean hasita. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Gallardonek aurkeztutako aurreproiektuaren kontrakoa" izango da bideoa eta sopeloztar guztiei parte hartzea eskatu diete, lege egitasmoarekiko "herri osoaren desadostasuna adierazteko". Horren aurretik, Berangoko Emakumearen Elkarteak antolatutako martxa igande goizean izango da, taldearen egoitzatik 10:00etan irtengo delarik. Gero, 12:30ean, “Berdintasunaren aldeko jaia” ospatuko dute frontoian.