Itzubaltzeta / Romo eta Areeta
Itzubaltzeta / Romon, gaur eman diote hasiera asteburuko ekitaldiei, iluntzeko 8etan triki-poteoa abiatuta. Dena den, bihar eta etzi informazio guneak jarriko dituzte, ekainaren 8ko jende katean parte hartu nahi dutenek eman beharreko pausuak ezagutu ditzaten, tartean bere metroa erostekoa. Bihar, larunbata, Gobelondo kalean jarriko dute haima, goizeko 12etatik 14:30era. Igandean, ordea, Areetako Xake plazan izango dira, ordutegi berean.
Leioa
Leioako Gure Esku Dago taldeak, berriz, ez du ekitaldirik antolatu astebururako, baina dagoeneko finkatu ditu informazio puntuaren tokia eta ordutegia. Martxoan zehar, Sabino Arana kaleko 65. atariko lonjan, Leioa okindegiaren alboan, izandako aukera giza kateko metroa erreserbatzeko, zalantzak uxatzeko eta plataformaren materiala eskuratzeko, beti ere 18:00ak eta 20:00ak bitartean.
Erandio
Erandioztarrek erronka jarri diete beren buruei eta ekainaren 8an Erandiotik Arrasatera 500 lagun eramateko apustua egin dute. Tartean, asteburuan ekimenik ez, baina datorren astean bete-betea ekarriko dute, "Eskutik eskura astea Erandion" lelopean. Asteartean, hilak 11, "Gazta zati bat" film dokumentala proiektatuko dute Erandio Landako gizarte-etxe berrian, 19:00etan. Asteazkenean, ordea, Anton Borja Ekonomia irakasleak hitzaldia emango du Astrabuduako Josu Murueta aretoan, ordu berean. Ostegunean, "Gazta zati bat" filma errepikatuko dute, oraingo honetan Altzagako merkatu zaharrean, 19:00etan. Ostiralean, hilak 14, triki-poteoa izango da Altzagako tabernetatik, iluntzeko 7etan abiatuta. Asteko ekitaldiak amaitzeko, igandean argazki erraldoia egingo dute Astrabuduako Josu Murueta plazan, 13:30ean. Handik aurrera, baina, ez da ekimenik faltako Erandion, dagoeneko beste bi ekitaldi lotuta baitu bertako Gure Esku Dago taldeak: hilaren 23an, igandean, martxa egingo dute Astrabuduatik eta Altzagatik Erandio Landara, bertan tailerrak, erromeria, bazkaria... izango dela; hilaren 28an, ordea, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok eta Franek kontzertu akustikoa emango dute Xixili tabernan, sarrera doakoa izango dela.
Sopela
Sopelako taldeak Twitter sare sozialean lehenengo sarraldia egin eta bertan @SopelaGureEsku profila osatu ostean, bihar ekingo dio kamiseta eta metro salmentari. Postua 12:30ean jarriko dute Udaletxe plazan. Halere, Erandion bezala, dagoeneko prestatu dute datorren asteko "Eskutik Eskura" dinamikaren egitaraua. Besteak beste, martxoaren 13an, osteguna, erabakitze eskubideaz hitzaldia emango dute Zelai Nikolasek eta Iñigo Urrutiak. Ekimena Kurtzio kultur etxean izango da, 19:00etan. Antolatzaileek zabaldu dutenez, hitzaldiak ikuspegi juridikoa landuko du. Ostiralean, ordea, poteo musikatua egingo dute herriko tabernetatik, 19:00etan frontoitik abiatuko direla bertako pandero-joleek.
Fadurako giza katearen kartela