Genero indarkeria gaitzesteko atzo Erandioko Udalak onarturiko deklarazioa
Genero-indarkeriarekin lotuta gure herrian ezagutu dugun azken erasoa dela eta, Erandioko Udalak gaitzespenik gogorrena adierazi eta herritarrei deia luzatu nahi die.
Horrela, Erandioko Udalak ondoko hau adierazi du:
Genero-indarkeria dugula emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen erakusgarririk nabarmenena, gizon eta emakumeen arteko harremanetan botere asimetria dela nagusi, eta emakumeek mendetasun egoera bizi izan dutela eta bizi dutela historian zehar gizarte guztietan. Ezagutzen ditugunak baino askoz ere eraso gehiago gertatzen dira, oraindik orain ere batzuek emakumeak errudun egiten dituztelako. Baina argi diogu, indarkeria erabiltzen duena dela errudun, ez erasoak jasotzen dituen emakumea.
Genero indarkeria arazo oso larria da, arazo soziala eta osasun publikoko arazoa, bizirik geratu diren biktimek, emakumeak eta bere menpeko adin txikikoak, bizi osorako kalte fisiko eta psikologikoak jasaten baitituzte.
Erandioko Udala, beste erakunde batzuekin batera, genero-indarkeriaren prebentziorako lanean ari da, berdintasunerako heziketa eta prestakuntza landuz, berdintasunean eta ez dominazioan oinarritutako harreman sentimentalak sustatzeko ezinbestekoa delako.
Baina erakundeetatik egindako lana ez da nahikoa, eta ez dugu emaitza emankorrik lortuko herritarren kontzientziatze eta lankidetza barik, hau da, genero indarkeria gizarte honetako gaitza dela barneratu eta herritarrek aurre egin beharrekoa.
Horregatik, Erandioko Udalak herritarrei deia luzatzen die kontzientzia hartu eta genero-indarkeriaren aurka erakundeekin lankidetzan jarduteko. Senide, auzokide, lankide, irakasle, … Guztion erantzukizuna da genero-indarkeria kasuetan lehenbailehen esku hartzeko laguntza ematea, biktima izan daitekeenarengan edo erasotzailearengan zantzurik antzemanez gero halako kasuren batean aurrean egon gaitezkeelako.
Hori dela eta, genero-indarkeria salatzeko elkarretaratzea deitu dugu, gaur, martxoak 10, arratsaldeko 19:30ean, Berdintasunaren aldeko Erandioko Emakumeen Kontseiluaren eskutik, Astrabuduko Josu Murueta plazan.