Getxoko Udaltzaingoak gidari bat atxilotu zuen igandean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, atxiloketa 06:30ean izan zen Algortako Martikoena kalean, udaltzainek "ibilbide irregularra zeraman, kontrako erreitik zebilen eta bihurgunea hartzeko espaloira igo zen kotxe bat" ikusi zutenean. Egoera horrek ekar zezakeen arriskua ikusita, ibilgailua gelditzea agindu zuten. Gidaria, 53 urteko gizonezkoa, edari alkoholikoen eraginpean zegoenaren seinaleak ikusi zituzten. Alkoholemia-proba egin zioten eta horretan 0,60mg/l eman zuen, baimendutakoaren bikoitza baino gehiago, adierazi dutenez. Udaltzainek atxilo eraman zuten bide segurtasunaren kontrako delitua egitea egotzita eta auzia ikertzeko polizia-eginbideak egiten ari dira, Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko direnak, epaiketa azkarraren prozedurapean.