"
Euskal Herriak bere bidea" lelopeko kanpainaren baitan, ekimen berria abiatu dute gaur Gune plataforman batzen diren eragile sindikal eta sozialek. Eguerdian abiatu dira Ermuatik hamar egunez Hego Euskal Herrian barrena hainbat etapa osatuko dituen "Pobreziaren eta prekarietatearen aurkako martxaren" bi zutabeek. Hain zuzen ere, hilaren 20an Iruñean bukatuko da, manifestazio batean. Eskualdeari dagokionez, ostegunean, hilak 13, egingo dute Erandio eta Areeta arteko bidea. Martxaren bidez, Gune plataformak ekonomiari buruzko goi bileran Bilbon abiatutako bideari jarraipena eman nahi diote antolatzaileek. Gainera, martxa amaitu eta bi egunetara, martxoaren 22an, Madrilera joango da Gune plataforma, "duintasunaren aldeko" manifestaziora. "Euskal Herrian pobrezia badago, eztabaida instituzionalean agertu ez arren, eztabaida instituzionala baldintzatzen ez duen arren, baina langile askoren errealitatea baldintzatzen ari da; gero eta sektore gehiagotan dago pobrezia", adierazi du Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak. Argazkian, gaur abiatu da martxa Ermuatik / ©
LAB sindikatua.