Otsailaren 22an 100 urte bete zituen Pascasia Astobieta Zarandona auzokide sopeloztarrak eta, urtemuga berezi hori ospatzeko, omenaldia antolatu diote Lagun Artea Nagusien Elkarteak eta
Sopelako Udalak. Bihar zortzi, martxoaren 19an, egingo dute 18:00etan, nagusien etxean. Udal iturriek gogoratu dutenez, Astobieta 100 urte bete dituen hirugarren sopeloztarra da; iaz Amelia Martin eta Maria Adelia Garaik ere 100 urte bete zituzten. Energia eta alaitasuna ei dira Pascasiaren ezaugarririk aipagarrienak. Erandioko Uribene baserrian jaio zen 1914. urtean, eta bizimodu gogorra izan zuen: 12 urtegaz izeko baten baserrira neskame joan zen, Deriora, umeak zaintzeko. Hala ere, baserrian denetarik egin behar izan zuen. Hamar urtez neskame egon ostean, 22 urtegaz Bixente Bolunburu deriotarragaz ezkondu zen. Txominene baserrira bizitzera joan zen orduan, baina haurdun zegoela, gerra heldu zen. Pascasiak gogoan du, gerratik eskapetan Algortaraino joan zirela idi, gurdi eta behiakaz, oinez. Bueltan, etxea balijata topatu zuten, militarrak bertan zeuden-eta, den-dena ostu zieten. Sopelan 22 urte daramatza, eta bere hitzetan, ederto bizi da berton. Argazkian, Pascasia Astobieta / © Sopelako Udala.