Justiziaren "pribatizazioa" salatuko dute bihar Neguriko auzitegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 12a, 18:32

Bihar, goizeko 12:30ean, Neguriko justizia jauregiko langileek elkarretaratzea egingo dute, Erregistro Zibila eta Justizia Administrazioaren "pribatizazioa abian" dela salatzeko. Protesta horrekin bat egin dute CCOO, ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek eta Getxon ez ezik Barakaldon, Durangon, Gernikan eta Balmasedan ere burutuko dituzte mobilizazioak. EAEko Justizia Administrazioko langileek zabaldu dutenez, egun Espainiako Ministroen Kontseiluak "Erregistro Zibilaren geroaren inguruan erabakia noiz hartuko zain" daude. Hala ere, "zantzu guztien arabera, ekimen pribatuan utzi nahi" dutela salatu dute. Langileek ohartarazi dutenez, Espainiako Gobernuak horrela jokatuz gero, erabiltzaileek birritan ordaintzea ekarri luke, Justizian "gauza berria" dena. Horrez gain, herritar guztien bizitza osoko datuak, "jaiotzatik hasi eta heriotzarekin buka", interes pribatuaren esku utziko lituzketela nabarmendu dute. Argazkian, Neguriko Justizia Jauregia artxiboko irudian.

Aurreko argudioekin batera, langileek "irmoki" errefusatu dute "kudeaketa pribatuak dituen bertuteak ikustarazten saiatzeko asmoz, Justizia Ministerioa abiatzen ari den azpikeria". Haien ustez, zerbitzu publikoari azken urteotan "ukatu" zaizkion giza zein bestelako baliabideak ekimen pribatuak hasieratik izango du: "Horrexegatik agerian jartzen dugu pribatizazioarekin hasi eta, gure ustez, hurrengo urratsa izango dena: lehendabizi, Ministerioak eta Jabetza-erregistratzaileek Erregistro Zibilek utzitako herentzia, hau da, administrazioak berak eragindako urteetako atzerapena, publikoki salatuko dute; eta handik hilabete batzuetara, ekimen pribatuak egiten duen kudeaketa goraipatuko dute berriro. Aldez aurretik antolaturiko amarru hori aitzakiatzat hartuta, Justizia Administrazioan aurreikusita dauzkaten honako pribatizazioak justifikatuko dituzte: jakinarazpen zerbitzuak, erregistro eta banaketa, betearazpenak, bake epaitegiak eta zenbait barruti judizial ezeztatzea. Non geratuko ote da denontzako justizia unibertsalaren ideala?, nortzuk ahal izango ote dute auzietara jo?", galdetu dute langile publikoek.

Egoera horri aurre egiteko Justizia Administrazioan zeresana duten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete enplegu publikoa deusezta ez dezatela eta administrazio publikoa aldezte aldera ahaleginak egin ditzatela, hala nola beharrezko baliabideak eta kudeaketa egokia ezarri ditzatela. Beharginen ustez, horrela jokatzekotan "langileok gure esku izango genituzke behar bezalako baldintzak jendarteari kalitatezko lan eraginkorra eskaintzeko".

Aldi berean, Espainiako Gobernua premiatu dute pribatizazio egitasmoak bazter utz ditzan. Eta Eusko Jaurlaritzari jendaurrean ager dadila exijitu diote, pribatizazioaren eta lanpostuak ezeztatzearen aurka. Era berean, eskuduntza handiagoak lortze aldera lan egin dezala eskatu diote, "Justizia osoki transferitzea helburu". Egungo markoa haustea ere aldarrikatu diote norabide horretan CCOO, ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun