Sopelako Udalak emakume gazteek pairatzen dituzten desberdintasunei buruzko diagnostiko parte-hartzailea egingo du irailera bitartean. Lehenik eta behin, 12 elkarrizketa sakon egingo dira (herriko emakume gazteei) eta, horren ostean, gai horretan sakontzeko eztabaida-taldeak sortuko dira, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. "Ekimen honen helburua feminismoaren inguruko hausnarketa eta formakuntza gune bat sortzea da, eta eztabaidatzeko topaleku bat eraikitzea, genero estereotipoak apurtzeko bidean urratsak emanez", azaldu dute. Proiektua Sopelako Udalak eta
Emakundek finantzatuko dute eta, esan bezala, emakume sopeloztar gazteen iritziak, proposamenak, eskaerak eta beharrizanak jasoko dira. Horretarako, hainbat lan-talde sortuko dira. Lehenengo bilera datorren asteartean, martxoaren 18an izango da, eta hurrengoak apirilaren 8an eta maiatzaren 6an. Bilera guztiak 19:00etan izango dira Kurtzio Kultur Etxean, eta guztiz irekiak dira. Argazkian, Sopelako bi emakume gazte eraso sexisten kontrako pankarta alboan.