Geminis baimenaren emakida sei urtekoa da, eta hiru epetan banatuta dago. Dagoeneko lehenengo fasea (hasierako bi urteak) bukatutzat eman dute, eta bilketa, eskaneaketa eta informazio sismikoaren birprodukzioak egin dituzte. Egun, bigarren fasean gaude, hau da, hirugarren eta laugarren urte artekoa; hala, kanpaina sismikoa eta hartutako laginen interpretazioarekin hasiko dira. Azkenik, bosgarren eta seigarren urtean, zundaketa lanak hasiko dituzte ondoren ustiaketa bideratzeko, baldin eta frogek berton gasa dagoela frogatutzat ematen badute.
Haustura hidraulikoaren teknika
Fracking edo haustura hidraulikoak eztabaida ugari sortu ditu azken aldian, alor energetikoari dagokionez. Presio hidraulikoa baliatuz lurzoruko arrokak hautsiz gas ez-konbentzionala ateratzeak aukera asko ireki ditu, baina hainbat kolektibo eta herritar sistema horren aurka egitera bultzatu ditu zalantza ugari sortu baitira horren inguruan. Arroketan harrapatuta dagoen gas hori askatzeko, bertikalean zulatu behar da, hainbat arroka geruza eta akuifero zeharkatuz, erreserbak dituzten harri-formazioetara heldu arte. Ondoren, horizontalean edo gidatuta zulatzen jarraitzen dute, 1.500 eta 3.000 metro inguru. Momentu horretan, harearekin eta hainbat gehigarri kimikorekin nahastutako milioika ur litro injektatzen dute presio handian arroka hausteko eta gasa askatzeko.
Fracking Ez Getxo taldearen iritziz, aipatutako teknika kaltegarria da ingurugiroarentzat. "Hainbat ikerketak frogatu dutenez, erlazio zuzena dago ustiapen horien eta akuiferoen kutsaduren artean. Horrekin batera, metano kontzentrazio altuak aurkitu dituzte inguruan dauden etxebizitzetako putzuetan", azaldu dutenez. Bestalde, erabilitako gehigarri kimikoak kaltegarriak izan daitezke osasunarentzat, alergiak eta hainbat gaixotasun eragin baititzakete.