Manu Alkiza Getxoko Kultur Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kudeaketa zuzendaria kargutik ken dezaten eskatu du gaur PPk. Marisa Arrue bozeramaile popularrak gogoratu duenez, pasa den otsailaren 21ean, Itzubaltzeta / Romoko kultur etxe berriaren proiektua "babesteko asmoz, Alkiza alkatearekin batera prentsaurrean agertu zen". Zinegotziak salatu duenez, Getxoko Kultur Etxeko Zuzendaritza Batzordeak ez du proiektu hori eztabaidatu, "eta are gutxiago onartu". Gainera, Arrueren iritziz, proiektua "polemikoa" da eta EAJren oniritzia besterik ez du, oposizio guztiak Udal Gobernuaren egitasmoan hainbat aldaketa egin nahi duela. Horregatik, Getxoko PPk uste du Alkizak "ez dagozkion eskuduntzak bere gain hartu eta Zuzendaritza Batzordearen aginduetatik urrundu dela". Arruek nabarmendu duenez, Getxoko Kultur Etxea arautzen duten estatutuen 26. artikuluak "ez du aurreikusten kudeaketa zuzendariak Zuzendaritza Batzordea ordezkatzeko ahaldun izatea ezta, beren beregi baimena eman ezean, bere izenean mintzatu ahal izatea ere". Gauzak horrela, Alkiza bere eskuduntzetan neurriz gainetik aritu delakoan dago Getxoko PP eta datorren astelehenean, hilak 17, kargutik kentzea eskatuko du Kultur Etxeko Zuzendaritza Batzordearen bileran. Argazkian, Manu Alkiza, bigarrena eskumatik, otsaileko prentsaurrekoan / © Getxoko Udala.