Nerea Llanosek EAEko PPn "bigarren" bilakatu ostean utzitako tokia beteko du Javier Ruiz Egaña zinegotzi getxoztarrak. Erandioko Udalean Alderdi Popularraren bozeramailea ere izandakoa asteartean aukeratu zuten Bizkaiko PPren idazkari orokor, Anton Damborenea lurraldeko popularren presidenteak bere izena proposatu ostean. Joan den asteburuan EAEko PPren Politika Autonomiko idazkari ere izendatu zuten Ruiz. Getxoko Udalbatzan, ordea, euskararen normalizazioaren aurka zabaldutako mezuengatik egin da ezagun. Pasa den irailaren 25eko osoko bilkuran oposizioaren indar guztiek (PP, EH Bildu eta PSE-EE) Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) Getxoko Udalbatzara eramatea eskatu zioten Imanol Landa alkateari, EAJk ezezkoa eman zuela. Orain Bizkaiko PPren idazkari nagusia denak ondokoak bota zituen. Bere ustez, udalerriko "etorkizun linguistikoa bideratuko" duen plana "gauekotasunez eta era ezkutuan" landu zuten eta "nazionalistek doktrinatzeko duten antsietatearen" erakusgarritzat jo zuen, EAJ eta EH BIlduri "hizkuntza haientzat gordetzea" leporatu aurretik. Gauzak horrela, plana "sektario eta baztergarritzat" jo zuen, "euskal kultura euskararekin identifikatzeagatik", besteak beste. Horretaz gain, neurri batzuen bere interpretazioak eta susmo gaiztoak plazaratu zituen. Hortaz, Ruizen irudikoz, "euskaldunen sare bat sortzea" guztiz okerra behar omen da izan; Udala, antza, "euskaldunen errolda sortzera" doa; pertsona bakoitzak "euskara dakien edo ez, txarteletan" idatzita izan beharko du; abizenak euskarazko grafian jartzeko eta bataioetan euskara erabiltzeko doktrinatze prozesua abiatu dute... eta abar luze bat zerrendatu zuen zinegotzi popularrak, edonor beldurtzeko kontakizunean. Argazkia: © Getxoko PP.