Herriko tabernak libre uztea eskatu dute Itzubaltzetan eta Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 13a, 22:53

Itzubaltzeta / Romoko 70 bat auzokidek salatu zuten atzo 35/02 auzia, bost hilabetez iraun duen epaiketaren azken egunean. "Branka kultur elkartea libre! Epaiketa politikorik ez" lelopeko elkarretaratzea burutu ondoren gogor kritikatu zuten "gaur, orain dela hamabi urte bezala", ez dagoela "inor kondenatzeko edota herriko tabernak itxi edo bahitzeko frogarik, ezta inolako delitu egin deneko frogarik ere". Ildo berean nabarmendu zuten 35/02 auzian, gazte mugimenduaren aurkakoan bezala, "ekintza politikoak epaitzeko baino ez dela izan". Horregatik, bat egin zuten HBko kide ohiek Espainiako Auzitegi Nazionalean irakurritako alegatuarekin, "Gehiengo berriaren adierazpena, 'gu' berriarena" izeneko testuarekin. Era berean, Segi gazte erakundeko ustezko kideen aurkako zein 35/02 auziko epaia kontrakoa izatekotan antolatu daitezkeen mobilizazioei adi egoteko eskatu zuten. Leioan ere, 40 bat lagunek "Kurkudi itxi nahi digute. Kurkudi libre! Epaiketa politikorik ez!" lelopeko elkarretaratzea egin zuten. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko agerraldia.

Gehiengo berriaren adierazpena, “gu” berriarena

Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena... eta garaile eta garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna.

Etorkizunerako zubiak. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz
eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.

Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.

Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik. Horregatik guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina guztiak libre nahi ditugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun