Aurreko ekitaldian indarrean zegoen aurrekontuaren luzapena joandako urtarrilean onartu zuten Getxoko Udalean. Bada, orain bi asteazken, hilaren 5ean, 2014rako 98,3 milioi eurora (iaz baino %1 gutxiago) heltzen den aurrekontu proposamena aurkeztu zuen EAJren Gobernu Taldeak; baita gainerako talde politikoekin negoziazio-prozesu bat irekiko duela iragarri ere, egin beharreko aldaketak erabakitzeko. Gaurkoan, proposamena "berandu" heldu dela esateaz gain, horretan jasotako "helburu" bakoitzean "gezurrak baino ez" daudela adierazi du Getxoko EH Bilduk.
Gezurren artean "larriena", Gizarte Politiketan topatu omen dute: "2014an egoera zailenean dauden familiei IBI eta bestelako zergak ordaintzen laguntzeko 233.000 euroko poltsa gordeko duela esaten du EAJk Getxoberrin. Gezur galanta!", aurpegiratu diete Nerekanek eta Saituak udal agintariei. Diru kopurua eta IBI, estolderia eta zaborrak ordaintzen laguntzeko diru laguntza lerroa EH Bilduren proposamenez jarri zen martxan 2013an eta bi deialdi egin dira. Baina, "EAJk ez du 2014an diru laguntza deialdia egiteko asmorik eta aurreko deialdien dirua erabiltzen du herritarrak engainatzeko", EH Bildukoek salatu dutenez.
Getxoko EH Bilduk EAJren Udal Gobernuari emandako erantzuna (pdf)
