Bizkaiko Ikasle Eztanda dinamikaren baitan, astelehen honetarako (martxoak 17) geldialdia deitu du
Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak. Batetik,
hilaren 27an egingo duten ikasle grebari indarra eman nahi diote. Bestalde, "eskualdeko ikasleok heziguneetan pairatzen ditugun inposaketa arrotzei aurre egin eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza sistema propioa aldarrikatu" nahi ditu eskualdeko IAk. Horrenbestez, ondoko heziguneetan etengo dituzte eskolak: Plentzia BHI, Ander Deuna ikastola (Sopela), Iberre BHI (Larrabasterra), Leioa BHI, San Nikolas ikastola (Algorta), Fadura BHI / LH (Algorta), Aixerrota BHI (Getxo), Romo-Artatza BHI (Itzubaltzeta / Romo), Ategorri-Tartanga BHI (Erandio) eta Jado ikastetxea (Erandio). Uribe Kostako Ikasle Abertzaleek zehaztu dutenez, 12:00etan hasiko da geldialdia eta eskualdeko herri ezberdinetatik Algortako Telletxe plazara arte zutabeak egingo dira. Bukatzeko, "Hezkuntza herritik herriarentzat!" lelopean manifestazioa egingo dute Telletxetik abiatuta, 13:00etan. Argazkian, Uribe Kostako IAk otsailaren 23an aurkeztu zuen Bizkaiko Ikasle Eztanda, Sopelan / © Uribe Kostako IA.