Bizkaiko Foru Aldundiaren
Akarlanda aisialdi-eremuan Forestal Park delako gunearen inaugurazioan parte hartu du gaur goizean Irene Pardo Nekazaritza diputatuak. Abentura anitzeko baso-parke horrek asteburuan irekiko ditu ateak. Erandioko lurretan dago. Lur horiek Aldundiari laga zizkion Udalak 1990ean, gaur egun Nekazaritza Sailak kudeatzen dituen 65 aisialdi-eremuetako bat sortzeko, foru iturriek adierazi dutenez. Arduradunen hitzetan, Akarlandakoa dugu urtean zehar bisitarik gehien jasotzen dituenetako bat. Foru erakundeak instalazioaren kudeaketa enpresa bati adjudikatu dio, eta enpresak baso-parkeko proiektua gauzatu du, zuhaitzak eta natura dibertsiorako erabiliz. Inaugurazioan Joseba Goikouria Erandioko alkatea eta adjudikaziodun enpresaren ordezkariak ere izan dira. Argazkian, Pardo eta Goikouria gaurko inaugurazioan / © Bizkaiko Foru Aldundia.