Goizeko 9:30 inguruan hasi dira "Kalean da Oti!" irakur zitekeen mezuak sare sozialak betetzen. Horiekin batera, dagoeneko preso politiko ohia den Iñigo Otazua Urresti "Oti" algortarra Topas espetxeko ateak nola zeharkatzen zituen ikus zitezkeen argazkiak eta bideoak. Algortako laguna 09:00ak aldera atera da Salamanca aldeko kartzelatik, gertukoek UKBERRI.NETi adierazi diotenez. Espetxeko atarian lehen harrera egin diote senide eta lagunek. Bestalde, Guardia Zibilak kontrola jarri du kartzela aurrean eta bertaratutakoak identifikatu ditu. Euskal Herrirako bidean da jada Otazua eta arratsaldean Algortara iristea espero da. Zigorra osorik beteta atera da kalera algortarra. 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarekin eta Andoni Muñoz de Vivar urduliztarrarekin batera; baita, Algortako bere etxean zigorra etxean betetzen ari zela,
2013ko martxoaren 14an zendutako Angel Figueroa Fernandezekin ere. Hain zuzen, ostiralean izan zen urtebete preso politiko gaixo algortarra hil zenetik. Argazkian, sare sozialetan dabilen argazkietako bat.