Etzi, ostiralarekin, bertso afaria izango da Leioako Kurkudi herriko tabernan, gaueko 10etatik aurrera. Bertsolariak Arrate Illaro, Miren Amuriza, Fredi Paya eta Galder Bilbao "Txapi" izango dira. Interesatuek Kurkudin bertan eros ditzakete afarirako txartelak, halere azkar mugitu beharko dute, gaur baita epemuga. Ostiraleko saioa Kurkudi kultur elkarteak 35/02 auzian izan dituen gastuak kitatzen laguntzeko baliatuko du Libre ekimenak. Pasa den asteazkenean, Leioako 40 bat auzokidek salatu zuten HBren aurkako 35/02 auzia, bost hilabetez iraun duen
epaiketaren azken egunean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko
Vicente Gonzalez Mota fiskalak egindako alegatuan onartu zuen ez zegoela frogarik esateko herriko tabernek ETA finantzatu zutela, halere sozietateen ondasunak bahitzeko eskaera mantendu zuen, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasunaren parte zirelakoan. Defentsek gogoratu dutenez, 2006an horrelakorik baztertu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Kurkudiko kideak epaiaren zain daude. Argazkian, Leioan bezala, pasa den astean kalera atera ziren Itzubaltzeta / Romon ere, Branka elkartearen alde.