"Sopela, izana eta izena" ospatzeko asmoz, Kurtzio Kultur Etxea bete zuten joan den igandean auzokideek. Sarrerak astebete lehenago agortu ziren, udal iturriek adierazi dutenez. Tokiko erakundearen asmoa azken urteotan "Sopela" izena aldarrikatu duten lagunei euren lana eskertzea eta eurekin batera
prozesu hori amaierara arte heldu dela ospatzea zen. Gauzak horrela, Saioa Villanueva alkateak hartu zuen hitza lehenengoz. Auzokideei ekitaldira joan izana eskertu zien, eta ekitaldiaren nondik norakoak azaldu zituen. Horren ostean, bideo bat jarri zuten, zeinean prozesu horretan parte hartu duten erakundeetako kideek agertzen ziren: Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren izenean, Mirari Alberdi Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Sailburuordetzaren izenean, Betitxe Saitua Sopelako Udalaren izenean eta Mikel Begoña Aitxu Euskara elkartearen izenean. Ekitaldiarekin jarraituz, herriko bertsolari txikiak igo ziren oholtzara, publikoaren gozamenerako. Bertsoak entzun eta gero, bigarren bideo bat proiektatu zuten. Kasu honetan, urtetan "Sopela" izena aldarrikatu duten lagunen adierazpenak agertzen ziren. Horien izenean egin zuten berba Bene Markaidak, Josetxu Perez Ansoleagak eta Gabi Basañezek. Ekitaldia biribiltzeko, Ruper Ordorikaren kontzertuagaz gozatzeko aukera egon zen. Argazkian, "Sopela, izana eta izena" ekitaldia igandean / ©
Sopelako Udala.