Skate-park berria non eraikiko den eta nolakoa izango den auzokideekin batera erabakitzeko asmoz, bilera egin zuen joan den ostiralean Sopelako Udalak. Batzarrean 40 lagun baino gehiago elkartu ziren, gehienak gazteak, eta interes handia erakutsi zuten denon artean skate-park berriaren nondik norakoak erabakitzeko, tokiko iturriek adierazi dutenez. Lehenik eta behin, Saioa Villanueva alkateak proiektua zein egoeretan dagoen azaldu zuen. Gogoratu zuenez, "hasiera batean Udalak azpiegitura hau Urko paduran eraiki nahi zuen, baina uholdeak sortzeko arriskua dagoenez eta leku oso hezea denez, aukera hau baztertu zuten, eta beraz, beste leku bat bilatu beharko da". Halaber, Udalak proiektu hori gauzatzeko 250.000 euroko diru-partida duela argitu zuen. Argazkian, skate-park berriari buruzko batzarrean bildutakoak / ©
Sopelako Udala.