Martxoaren 3an egindako bistan, Arkaitz Goikoetxeak abokatuari erantzun zionez, atxilotu zutenean poliziaren aurrean egindako deklarazioak "ez ziren borondatez egindakoak izan, ezta benetakoak ere", Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldutakoaren arabera. Azkorrikoak Guardia Zibilaren aurrean jasandako "tratu txarrak eta torturak" salatu zituen bere garaian. Baita Iñigo Gutierrezek ere. Algortarrak atentatuan parte hartu zuenik ukatu eta hainbat lagunekin zegoela esan zuen, iturri berberen hitzetan. Bakoitzarentzat 675 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen fiskalak, hilketa saiakuntza 33 delitu, terrorismo txikizioa, lehergaien jabe izatea, ibilgailuen lapurreta eta bi pertsona atxiki izana leporatuta. Zazpi pertsona zauritu ziren, horien artean Guardia Zibileko bi agente.
Arkaitz Goikoetxea Basabe eta Iñigo Gutierrez Carrillo 2008ko uztailaren 22an egindako sarekadan atxilotu zituen Guardia Zibilak; baita Aitor Cotano Sinde algortarra ere. Asier Borrero Toribio, berriz, 2009ko uztailaren 4an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Okzitanian.