Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea: "Arraza-Diskriminazioaren kontrako Eguna"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 21a, 19:26

Nazio Batuen Erakundeak Arraza-diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Eguntzat ospatzen du martxoaren 21a eta arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia kultura eta gizarte guztietako ohiko arazoak direla gogorarazten digu. Ia hamar urte dira Getxoko Udalak egun hori ospatzen duela eta aniztasunaren aldeko eta arraza-diskriminazioaren aurkako ekintzak eta egitarauak antolatzen ditu. Mundu garaikideko gizarteak aniztasunaren eta, zehazki, kultura aniztasunaren ideian adierazten dira. Gizarte guztietan azaltzen eta gertatzen dira gizarteko kide diren baina atzerriko herrialde batetik migratu edo etnia edo kultura jakin batekoak diren eta, beharbada, bestelako inguruabar sozial edo pertsonal jakin bat duten pertsonenganako pertzepzio eta jarrera ezkorrak eta diskriminatzaileak. Krisialdi ekonomikoaren egungo testuinguruan, etorkin “gehiegi” dagoenaren edo eskaintzen dutena baino askoz gehiago jasotzen dutenaren pertzepzioa dute herritar batzuek.

Diskurtso politiko batzuek immigrazioa jo izan dute gure gizarteek bizi dituzten arazoetako batzuen sortzailetzat. Europa kezkaz bizi izaten ari da haien diskurtsoa inolako disimulurik gabe planteatzen duten alderdi politiko xenofobo eta arrazisten gorakada; aurrera egiten ari dira eta eta gorakada horrek maila instituzional ezberdinetan gobernatzera edo oposizio indartsu izatera eraman ditu; baina, boterean dauden edo boterea bilatzen duten alderdi demokratikoen jardun eta/edo diskurtso arriskutsuak ere ari gara entzuten, ia beti “lehenengo etxekoak” esakunean oinarritutakoak. Immigratutako pertsonen kolektiboarekiko estereotipo negatiboak edo aurreiritziak haienganako jarrera baztertzaile potentzialen aurrekari dira. Nolanahi ere, gurea bezalako gizarte anitzetan elkarrekin bizi diren pertsonen arteko interakzio positibo baterako oztopo dira, beraz, herritarren integraziorako eta, ondorioz, kohesio sozialerako, oztopo.

Getxoko herritarrek aukeratutako zinegotzi garen aldetik, uste dugu beharrezkoa dela erantzukizun politiko eta sozial batekin jardutea, eskuzabalki eta era eraikitzailean, xenofobiaren eta arrazakeriaren aurka egiten den herritarren lanari babesa eskainiz. Getxoko ordezkariok hiriarekiko eta hiriko pertsonekiko, elkarbizitzarekiko eta kohesio sozialarekiko konpromisoa izan behar dugu eta, horregatik, honakoa adierazten dugu:

1. Gizarte konplexu batean bizi gara, etengabe aldatzen ari den gizarte batean, besteak beste, jatorri etniko eta nazional, kultura, hizkuntza eta erlijio ezberdinak dituzten bizilagunak datozkigulako. Hori giza faktore positiboa eta aberasgarria da, kultura artekotasunaren ikuspegitik kudeatua izatea eskatzen duena, baina baita, gatazkarik sortzen bada, gatazka horri aurre egin eta kudeatzea eskatzen duena ere.

2. Aniztasun testuinguru horretan, beharrezkoa da pertsona guztien berdintasun printzipioa defendatzea eta komunean dauzkagun gauzak ezberdintzen gaituztenak baino gehiago direnaren ideiari balioa ematea.

3. Sexu, erlijio, kultura, jatorri etniko edo nazional, iritzi edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialen ondoriozko edozein diskriminazio mota arbuiatzen, borrokatzen eta gaitzesten dugu.

4. Beharrezkoa da beste erakunde, organizazio eta gizarte eragilerekin batera, elkarbizitzaren eta aniztasunaren esparruan era proaktiboan lan egitea, besteak beste, elkarganatzea, elkarren ezagutza eta interakzio positiboa sustatuz.

5. Ziur gaude zurrumurruak immigrazioarekiko eta aniztasunarekiko topiko eta estereotipo negatiboak hedatzeko bide bikaina direla, eta haztegi horretatik elikatzen direla jarrera eta praktika diskriminatzaile, xenofobo eta arrazistak.

6. Pertsona bakoitzak, harremanen bere esparru pertsonal eta egunerokoan, daukan eraldatzeko eta hobetzeko gaitasunean sinesten dugu. Guk, herritarrek aukeratutako ordezkarien jardunean, geure gain hartzen dugu eraldatzeko eta hobetzeko gure gaitasuna eta haren erantzule egiten gara.

7. Beharrezkoa da immigrazioari eta aniztasunari buruzko diskurtso negatiboen gaineko isiltasunaren espirala apurtzea. Aurreiritzi eta estereotipo negatiboak eraitsi beharra daukagu, haien izaera anbiguo, orokortzaile eta funtsik gabekotik eta haiek reagiten dituen boterearen logikatik zalantzan jarriz.

8. Azken batean, immigrazioari eta kultura aniztasunari buruzko diskurtso negatiboaren inpunitate espazioak murriztu nahi dituen herritarren jarduna indartu nahi dugu.

Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak (EAJ, PP, EH Bildu eta PSE-EE), gaur, martxoak 21, aldarrikatzen den Arraza-Diskriminazioaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzional bat onartu du aho batez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun