Bihar, larunbatarekin, Zuhaitz Egunaren ospakizuna hartuko dute Bizkaiko zortzi herrik, tartean Areeta. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak jakinarazi duenez, eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko dira intxaurrondo kimuak ematen Areetako Xake plazan. Guztira, 5.000 zuhaitz banatuko dituzte aldi berean Areetan zein Zornotza, Durango, Forua, Gueñes, Ispaster, Mungia eta Santurtzin, furgoneta banaz. "Landatu zuhaitz bat, landatu bizia" da aurtengo Zuhaitz Egunaren goiburua, Irene Pardo Nekazaritzarako foru diputatuak esan legez. "Landare txiki baten bitartez mezua kalera ateratzea" nahi du, "landare hori etxeetara sar dadin, eguneroko bizitzan presente egon dadin eta jendeak jagon dezan". Pardo bereziki gazteei eta txikienei zuzendu arren, bizkaitar guztiei gonbita luzatu die bihar euren hurbileko herrira hurbil daitezen, etxera loreontzi bat eramateko. Argazkian, Irene Pardo foru diputatua Santurtzin, aurtengo Zuhaitz Egunaren aurkezpenean / © Bizkaiko Foru Aldundia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!