Getxoko PP alderdiaren ppgetxo.net webgunea ez da ibili gaur. Popularrek arratsaldeko 5etan zabaldu duten prentsa oharraren arabera, webguneak "zibereraso" bat jaso du goizean zehar eta zerbitzuz kanpo gelditu da. Marisa Arrue eta Eduardo Andrade eledunek azaldu dutenez, Ertzaintzari eman dizkiote gertatutakoaren zehaztasun guztiak. Halere, ez dute daturik publiko egin. Arrueren ustez, balizko erasoa "Alderdi Popularrak eta milaka hiritarrek oraindik orain adierazpen askatasuna baliatzen duten bakoitzean pairatzen dituzten presio eta mehatxuen" beste ale bat da. Andradek, berriz, azpimarratu du webgunearen erorketa ez dela edozein unean gertatu, auzokideengana hurbiltzeko alderdiak azken asteotan sare sozialetan lan handia egiten dabilenean baizik. "Guztiei ez zaie erabaki hori gustatu eta batzuk saiatu dira, beste behin ere, gu isilarazten. Baina betiko legez, ez dute lortuko" adierazi du zinegotzi blogariak. Era berean, Getxoko popularrek nabarmendu dute azken boladan Areetako egoitzan izandako beste "eraso" batzuk. Horrela kalifikatu dituzte pasa den azaroaren 26an hainbat ezezagunek odol itxurako margoa eta Sevilla II espetxeko euskal presoen bizi baldintzak salatzeko esku-orriak jaurti izana edo otsailaren 15ean, Lomce Legearen eztabaida garaian, "Hezkuntza herritik herriarentzat" zioen "pankarta iraingarria" jarri izana. Argazkian, otsaileko pankarta / © Eduardo Andrade.