Hirugarren aldiz, Santa Eugenia plazan eraikitzen ari den Romo kultur etxearen proiektu "faraonikoaren" aurkako martxa bat zeharkatuko ditu Itzubaltzeta / Romoko kaleak.
Auzokideen elkarteak plaza horretan bertan jarri du manifestazio zaratatsuaren hitzordua, bihar, igandearekin, 13:00etan. Elkarteak hasiera batean egindako eskaerei (proiektua bi solairutan murriztea eta kostea jaisteko corten altzairuzko fatxada kentzea) berriak gehitu dizkie, hala nola Ibar Nagusien Etxea eta udal euskaltegia hartzen dituzten eraikinak mantentzea, Imanol Landa alkateak orube horietan babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko direla iragarri ostean. Bide horretan, Getxoko Udalari proiektua erreferendumean erabakitzea galdegin dio. Landari akuilu egiteko, protesta publikoetan parte hartzeaz gain, bi eskaera egin dizkiete auzokideei: leihoetan zer edo zer gorria jartzeko eta
Change.org guneko sinadura bilketa babesteko. Argazkian, gaur kultur etxeko garabian jarritako "Horrela ez" lelopeko pankarta.