Getxoko Udaltzaingoak 30 urteko gizonezkoa atxilo eraman du gaur goizaldean, 27 urteko bere bikotekideari botila batekin aurpegian jo eta hormaren kontra bultzatu duelakoan. Atxiloketa ordubiak aldera izan da. Getxoko Udalak zabaldutakoaren arabera, Udaltzainek ikusi dute iskanbila zegoela taberna baten kanpoaldean. Tabernara inguratu eta biktima eta lekukoengandik gertatukoaren inguruko informazioa jaso ondoren, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu dute, tabernan bertan zegoela. Erasoaren biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute, eta polizia-eginbideak abiarazi dituzte gertatutakoa ikertzeko. Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko dituzte polizia-eginbideak. Horrelako oldarraldien aurrean ohi duen bezala, Keltse Eiguren Berdintasuneko zinegotziak ustezko erasoa gaitzetsi eta gogoratu du “indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela. Argazkian, pasa den martxoaren 8an Algortan egindako manifestazio feministaren bukaera.