Etxerat elkartearen mozioa:
25 urte betetzen dira aurten Espainiar Estatuak euskal presoen sakabanaketa era orokorrean martxan jarri zuenetik. Legeria Penitentziario eta Nazioarteko hitzarmen desberdinetan onartutako Giza Eskubideen kontrakoa den neurri honek, kartzela zigorpean dagoen presoari ezezik, senideon eta lagunen inguruneari neurrigabeko sufrimendua eta mina sortzen digu. Praktikan, presoak eta beren senitarteko eta lagunok ordaindu behar dugun zigor gehigarria da.
Estatu espainiar zein frantziarrak urteetan zehar gauzatu duen kartzela politikaren ondorioz, 22 euskal preso eta 16 senitarteko eta lagunek galdu dute bizitza, eta hamarnaka zauritu utzi ditu. Kartzelako bizi baldintza jasangaitzak eragindako heriotzak dira batzuk. Dispertsatu eta urrunduak zituzten senitarteko eta lagunak bisitatzera zihoazela bidean hildakoak beste batzuk.
Ondo ikasia dugu hau getxotarrok. Martxoaren 14ean galdu baitzuten euren bizia gure bi herrikidek. 2013 urtekoan, espetxealdi gogor eta luze baten ondorioz gaixo larri zen Angel Figeroa zendu baitzen bere etxean. 16 urte lehenago, 1997an, bere amamak, Antxoni Fernandezek, galdu zuen bizia Aranda de Dueroko errepide bazter batean, Angel bisitatzera Alcala Meco kartzelara bidean izandako auto istripuan.
Gure senideak dispertsatuta egotearen ondoriorik latzena. Sakabanaketak eragindako biktima ahaztua. Ordutik beste hainbat euskal herritarrek galdu dute bizitza sakabanaketa politikaren ondorioz. Nahikoa da! Esateko garaia iritsi da. Nahikoa da bidai luzeak egiteaz, gure bizitzak astebururo arriskuan jartzeaz, gastu ekonomiko neurrigabeez, txarragotze fisiko eta sikikoaz, ezin bidaiatu dauden nagusi eta haurrez… Nahikoa da!
Euskal Herrian gatazkaren konponbiderako aukera paregabea ireki den honetan, sufrimendu guztiak kontutan hartu eta beste etorkizun bat eraikitzeko garaia da. Preso dauden gure senideen bakartze eta sakabanaketarekin bukatzeko garaia. Kartzeletan pairatzen dituzten bizi baldintzak hobetu eta oinarrizko giza eskubideak errespetatzeko garaia iritsi da. Egoera honek senideongan sortzen duen sufrimendu eta giza eskubide urraketekin bukatu egin behar dugu.
Hau guztia kontutan hartuz, honako puntu hauek aurkezten dira Osoko Udal Batzarrean, bertan eztabaidatu eta onartuak izan daitezen:
1.- Udal honek sakabanaketa politikaren ondorioz hil zen Antxoni Fernandez herritarra gogora ekarri eta omendu nahi du. Era berean kartzela politika bidegabe honen ondorioz bizitza galdu, zauritu edota edonolako sufrimendua pairatu duten guztiekin bat egiten dugu.
2.- Udal honek, euskal presoen sakabanaketa eta urruntzearekin berehala amaitzeko eskatzen du, giza eskubideak urratuz, presoen eta beren senide eta lagunengan eragiten duen sufrimendu eta zigor gehigarriarekin bukatzeko.
3.- Udal honek, euskal presoen bizi baldintzen eta orokorrean zor zaizkien eskubide guztien errespetua eskatzen du.
4.- Erabaki honen berri, komunikabideen bidez iritzi publikoari, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari eta Espainiako Barne Ministroari ematea.