Orain ordu erdi jakinarazi diote Iñigo Santxo abokatuari arratsaldeko lehen orduan atxilotutako Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NETeko kazetari itzubaltzetarra Deustuko ertzain-etxera bidean zela, bertan deklarazioa hartzeko. Ordura arte, Neguriko komisarian eduki dute. Deustutik, Bilboko epaitegira eramango dute, epailearen aurrean deklaratzeko, letraduak adierazi duenez. Bitartean, Itzubaltzeta / Romoko herritarrek asanbladarako deia zabaldu dute. Iluntzeko zortzietan jarri dute hitzordua Santa Eugenia plazan. Lekukoek adierazi dutenez, 13:00ak inguruan heldu dira Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NET agerkari digitaleko kazetariaren etxera, Itzubaltzeta / Romora, kalez jantzitako ertzainak. Martxoaren 3an, Bilbon burutu zen Foro Ekonomiko Globalaren inguruan izandako istiluen harira zabaldutako diligentzien inguruan atxilotu egin dute. Argazkian, Iñigo Fernandez de Martikorena, artxiboko irudian.