Deustuko ertzain-etxean Bilboko epaitegira noiz eramateko zain dago Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NETeko kazetaria. Izan ere, ertzainak hatz markak hartu eta argazkia egiteari uko egin dio itzubaltzetarrak, duela 15 urte EHNA erakutsita identifikatzeagatik atxilotu zutenean egin ziotela fitxa, arrazoirik gabe atxiki dutela, eta ez zuela berriz argazkia eta hatz markak biltzea onartuko, Iñigo Santxo abokatuak jakinarazi duenez. "Horiek guztiak indarrez hartu ahal izatea eskatuko diote ertzainek epaileari", letraduak ohartarazi duenez, aipatu ekintza "bidegabekeria galantatzat" joaz. Horrek bihar arte atzeratuko luke Fernandez de Martikorenaren epailearen aurreko deklarazioa, gaua Deustuko komisarian ematera behartuz. Hori ekiditeko, tokiko ertzain-buruarekin hitz egiteko eskaera egin du Santxok. Bestela, ondo dagoela helarazi nahi izan die gertukoei UKBERRI.NETeko kazetariak, abokatuaren bitartez. Bera atxilotzeko emandako argudioari, berriz, "aitzakia merkea" deritzo itzubaltzetarrak eta "muntaia kutsua" hartzen dio honi guzti honi. Egun horretan, Bilbon beharrean, beti bezala lanean zela adierazi du. Argazkian, iluntzeko zortzietarako mobilizazioa deitu dute Itzubaltzetan.