Lekukoek adierazi dutenez, 13:00ak inguruan heldu dira Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NET agerkari digitaleko kazetariaren etxera, Itzubaltzeta / Romora, kalez jantzitako ertzainak. Bertaratuta auzokideek, baina, nola eramaten zuten baino ezin izan dute ikusi. Bizilagunen arabera, goiz guztian ibili dira ibilgailu kamuflatuak bere zein gurasoen etxebizitzen inguruan.
Hasiera batean, Ertzaintzarekin harremanetan jarri ostean non zeukaten baino ezin izan du jakin Iñigo Santxo abokatuak. Neguriko ertzain etxean zeukaten. Zergatik atxilotu duten, baina, ez dute aipatu, letraduaren ahaleginean.
Beranduago, aipatu komisariatik bertatik deitu diote Santxori, Fernandez de Martikorenak bere defentsarako izendatu duela esateko. Bitxiena, agian, UKBERRI.NETeko kazetariaren telefonotik bertartik deia jaso duela abokatuak, ertzain-etxetik deitu aurretik; baina ezin izan du hartu beste dei batekin zegoelako.
Besteak beste, "ABC" eta "El Correo Español" egunkariek adierazi bezala, Iñigo Santxo abokatuak baieztatu egin du kazetari itzubaltzetarra, martxoaren 3an, Bilbon burutu zen Foro Ekonomiko Globalaren inguruan izandako istiluen harira zabaldutako diligentzien inguruan atxilotu egin dutela.
Neguritik Deustura
16:45 inguruan jakinarazi diote Iñigo Santxo abokatuari arratsaldeko lehen orduan atxilotutako Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NETeko kazetari itzubaltzetarra Deustuko ertzain-etxera bidean zela, bertan deklarazioa hartzeko. Ordura arte, Neguriko komisarian eduki dute. Deustutik, Bilboko epaitegira eraman behar zuten, epailearen aurrean deklaratzeko.
Hala ere, Deustuko ertzain-etxean, hatz markak hartu eta argazkia egiteari uko egin dio itzubaltzetarrak, duela 15 urte EHNA erakutsita identifikatzeagatik atxilotu zutenean egin ziotela fitxa, arrazoirik gabe atxiki dutela, eta ez zuela berriz argazkia eta hatz markak biltzea onartuko. Horrek bihar arte atzeratu du Fernandez de Martikorenaren epailearen aurreko deklarazioa, gaua Deustuko komisarian ematera behartuz. Bestela, ondo dagoela helarazi nahi izan die gertukoei UKBERRI.NETeko kazetariak, abokatuaren bitartez. Bera atxilotzeko emandako argudioari, berriz, "aitzakia merkea" deritzo itzubaltzetarrak eta "muntaia kutsua" hartzen dio honi guzti honi. Egun horretan, Bilbon beharrean, ohi bezala lanean zela adierazi du.