Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NET agerkari digitaleko kazetari itzubaltzetarra atzo, 13:00ak aldera, atxilo hartu zuten bere etxean, martxoaren 3an Bilbon burutu zen Foro Ekonomiko Globalaren inguruan izandako istiluen harira zabaldutako diligentzien inguruan. Atxilotzeko emandako argudioari, ordea, aitzakia merkea deritzo berak eta muntaia kutsua hartzen dio honi guzti honi. Iñigo Santxo abokatuari komisaldegian behin eta berriro ziurtatu dionez, istiluak izan ziren egun hartan Getxon egon zen, ohi bezala.
Gora beherak ertzain-etxean
Epailearen aurrera atzo bertan eramango zuten ustea zuen hasieran abokatuak, baina UKBERRI.NETeko kazetariak ertzainekin izandako liskar batzuen ondorioz, gaur arte ez zutela eramango adierazi zioten. Gaur jakin du Iñigo Santxok gauean eraman zutela. Hala ere, magistratuak esan ei zien ertzainei bera ez zela konpetentea eta Deustuko komisariara bueltan eraman zuten kazetaria.
Hizkuntzagatik izan zituen lehen istiluak. Diligentzia guztiak euskaraz egiteko eskatu zuen itzubaltzetarrak. Ertzain euskaldunik ez zegoela eta, gazteleraz egitera behartu nahi zuten kazetaria. Atxilotuak ez zuen onartu, eta diligentziak behar baino gehiago luzatu ziren.
Polizia fitxa egiteko ertzainak hatz markak hartu eta argazkia egiten saiatu zirenean iritsi zen bigarren liskarra. Ezezkoa eman zuen Fernandez de Martikorenak; duela 15 urte EHNA erakutsita identifikatzeagatik atxilotu zutenean egin ziotela fitxa, arrazoirik gabe atxiki dutela, eta ez zuela berriz argazkia eta hatz markak biltzea onartuko.