13:45 inguruan atera da Bilboko Guardia Epaitegitik
atzo Itzubaltzeta / Romon atxilotutako Iñigo Fernandez de Martikorena UKBERRI.NETeko kazetaria. Hala ere, martxoaren 3an Bizkaiko hiriburuan burutu zen Foro Ekonomiko Globalaren inguruan gertatutakoak ikertzen ari den Bilboko Instrukzio zortzigarren Epaitegiara agertu beharko da itzubaltzetarra, deitzen dutenean. Kale istiluak eta kalteak leporatzen dizkiote, ertzain batek tokian bertan "hamar metrora" ikusi zuelakoan. Fernandez de Martikorenak, ordea, behin eta berriro esan du egun horretan Itzubaltzetan zela. Barik txartelean egun horretako bidairik ez agertzeak "susmagarritzat" jotzen du Ertzaintzak, guztiz kontrakoa izan beharko lukeenean, Iñigo Santxo abokatuaren ustez. Guardiako epailearen aurrean ez du lekukotasunik eman nahi izan Romoko bizilagunak: batetik, "horretarako eskumena duen epategia Getxokoa" dela (udalerrian izan zen atxiloketa) adierazi dio magistratuari Iñigok. Bestalde, "atxiloketa beharrezkoa ez zela eta, zitazioa bidaltzekotan, aurrekoetan bezala berdin-berdin agertuko" zela esan dio. Azkenik, "mediatikoki baliotzeko atxiloketatzat" jo du berea. Gogoratu atzo bertan Donostian adingabeko bat atxiki egin zutela, martxoaren 3ko istiluetan parte hartzea egotzita. Ertzaintzak hirugarren pertsona bat atxilotu du bart Bilbon. Datozen orduotan epailearen esku utziko dutela dio Europa Press agentziak. Bitartean, Itzubaltzeta / Romoko herritarrek gaurko egindako kontzentrazio deialdia mantentzen da: 20:00etan, Santa Eugenia plazan. Argazkian, Iñigo Fernandez de Martikorena, artxiboko irudian.