Sopelako
AEK-k bihar, larunbatarekin, egingo du Esaera Zaharren Txapelketaren 21. edizioa, “Egarri dagoenari... ur lohirik ez!” lelopean. Hain zuzen ere, guztira 25 talde izango dira lehian, antolatzaileek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez. Txapelketak bi saio ditu. Goizean, 11:00etatik aurrera, multzoka banatu eta nor bere ibilbideari lotuko zaio, tabernaz taberna, musika-giroan. Zeregina izango dute ALBEko kideen bertso idatziak entzun eta, bakoitzaren azpian gordetzen den esaera zaharra zein ote den erabakita, atsotitza asmatzea eta zuzen esatea. Horrela, multzoetatik talde bana sailkatuko da final-erdirako. Puntu gehien eskuratutakoa, hain zuzen. Ondoren, 15:00ak aldera, herri-bazkaria izango da, Ander Deuna ikastolan. Bazkalostean, berriz, final-erdiak eta finala jokatuko dira, ia-ia goizeko modu berean. Izan ere, oraingoan bat-bateko bertsoak adituko dituzte taldeek, Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta bertsolarien ahoetatik. Goizeko zein arrastiko saioak ikusteko aukera izango du nahi duen guztiak, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Argazkian, jende mordoa batu ohi da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan.