Datorren ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen jende katea osatu dadin atsedenik hartu gabe lanean ari dira
Gure Esku Dago plataformak Uribe Kostan sortu dituen taldeak. Hitzordurako hilabete gutxi falta direla, erabakitze eskubideak sentsibilitate ezberdinetako militanteak batu ditu jada Erandion, Leioan, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan, Algorta eta Getxon, Berangon, Sopelan eta Gorlizen. Uribe Kostari dagozkion Elorrio (Leioa), Arrasate (Erandio) eta Antzuolako (eskualdeko beste udalerriak) kilometroak jendez hornitzeko, han-hemenka izan dira, helburuak azaltzen, metroak banatzen eta autobusak antolatzen. Besteak beste, gaur gauean, Hesian taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du, 22:00etatik aurrera, Xixili tabernan. Horretaz gain, joan den asteburuko ekintaldien ostean, Gure Esku Dago ekimena Leioako kaleetara bueltatuko da egun hauetan, tokiko Udalak bere webgunearen bitartez iragarri duenez. Helburua, igandean, 17:30ean, Bilboko Casillan egingo den ekitaldia iragartzea da. Argazkian, martxoaren 16an argazki erraldoia egin zuten Astrabuduan / © Gure Esku Dago Erandio.