Gaur gaurkoz, Euskal Herriko herrialde ezberdinetako 27 irrati dira Arrosa sarea osatzen dutenak. Bakoitzak bere izaera du, nor bere ezaugarri propioekin ari da lanean, baina irrati horietan euskararen presentzia sustatzea eta areagotzea da elkarlanean daramatzaten azken 14 urteotako egiteko nagusia. Gertuko komunikazioa elikatzea helburu duten irratiak ere badira aldi berean, "herritarren ekimenez sortuak eta herritarren parte hartzeari esker aurrera darraigunak", Arrosa Sareak gogoratu duenez. Komunikatzeko eskubidea "guztiona dela sinetsi eta praktikara eramaten dugu gure egunerokoan. Ulertzen dugulako, eskubide hori ezin dela interes pribatu zehatzei erantzuten dioten enpresa eta instituzioen esku utzi bakarrik", gaineratu dute.
Arrosa sarearen egiteko nagusia, esan bezala, euskarazko irratsaioen elkartrukea izan da beti. Horrela, Zarautzen ekoitziriko irratsaio bat Iruñean entzutea posible den moduan, Hendaian ekoizten den bat Bilbon entzun daiteke egun. Irratsaio horien artean denetariko gaiak aurki daitezke; musika, historia, bidaiak, feminismoa, literatura, internazionalismoa...
Urte luzeetako elkartruke eta harreman horren emaitza da, halaber, Arrosa sareko hiru irratiren artean (Bidasoaldeko Antxeta, Euskal Herriko Info7 eta Arabako Hala Bedi) ekoizten den Zebrabidea magazina ere. Astelehenetik ostiralera gaurkotasuna lantzen duen bi orduko magazina (16etatik 18etara entzun daitekeena sareko hainbat irratitan). "Irrati txiki gehienon programazioan fikzioa litzatekeen zerbait, elkarlanari esker ez balitz", antolatzaileen arabera.
Egitaraua
Jardunaldien egitarauari dagokionez, irratiari dagozkion kontu praktikoen inguruko tailerrak izango dira nagusi goizean zehar: erredakzio tailerra, irrati bat hutsetik nola sortu, estudioko mahainaren erabilera, sare sozialak, ahozkotasuna, hizkuntza sexistaren inguruko gogoeta, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera ezberdinak irratirako nola baliatu...
Arratsalderako, aldiz, hitzaldi bat antolatu dute: "Euskal Herriko komunikabideak erronka berrien aurrean". Bertan izanen dira; Josu Amezaga soziologoa eta EHUko irakasle algortarra, Topatu.info gazte atariko kide den Iraitz Salegi, Aiaraldea.com proiektuko Aitor Aspuru eta Tokikom-eko zuzendari izendatu berri duten Urko Aristi. Mahainguru parte hartzailea izatea nahi dute antolatzaileek, "gaur eguneko egoeraren inguruan hausnartu eta aurrera begirako aukeren aurrean gogoeta egiteko denon artean".
Gaueko 10etan, eta eguna behar bezala bukatzeko, Nunguayazz taldearen kontzertua eta irratsaio ezberdinetako kideak DJ lanetan arituko dira.
Arrosatik jakinarazi bezala, "jardunaldiak irratiaren munduarekiko kuriositatea duen orori daude zabalduak, eta ez soilik egun irrati kide direnei. Denak izango dira ongi etorriak baina batez ere, aurten, irrati bat sortu nahian dabiltzanei luzatu nahi diegu dei berezi bat". Parte hartzea debaldekoa izango da.
Jardunaldietako kartela