Aipatutako lursailek getxoztarron elikadura bete lezakete neurri handi batean, hau da, herriko elikadura subiranotasunaren bermea dira datozen urtetarako. Ez da ahaztu behar krisialdi energetiko egoeran gaudela; beste modu batez esanda: erregaien garestitze testuinguruan. Eta egun Merkabilbao-ra ekartzen diren barazkiak, esaterako, erregaien menpean daude, ekoizpenean baita garraioan ere.
Gauzak horrela, zergatik Getxoko Udalak ikusten duen aukera bakarra eraikitzea da? Arrazoi bat izan daiteke lanpostuena. Tosu eta Martiturriko sektorean teknologia parke bat egitea aurreikusita dago, antza, egiten ari den HAPO berri horretan. Teknologia, berrikuntza, garapen ekonomikoa eta bertako gazte koalifikatuentzako lanpostuak. Oso polita, baina poligonoek berez ez dituzte enpresa zoragarri horiek erakarriko. Gainera, teknologia ezin da jan.
Nekazaritzaren bidez ere sor daitezke lanpostuak, pilo bat Getxon dauden sail guztiak erabiliz gero, egun sasiaz beteta daudenak, porlanaren zain. Kontsumo taldeen bidez nekazaria duintasunez bizi daiteke, hori bai, etekin ekonomikoak ez dira hain handiak izango. Badirudi nekazaritza aspaldiko kontua dela, baina goian aipatutako krisialdi energetikoa kontuan hartuta, agian etorkizuna izango da.
Tosuko landan aritzen garen gazteoi Getxon hektarea bat gehiago urbanizatzea arduragabekeria borobila iruditzen zaigu. Guk lantzen dugun landa Ha bat dauka, hain zuzen, eta beste lur asko bezala, orain urbanizatzeko arriskuan dago, Ibarbengoa geltoki mamuaren ondoan egin nahi duten disuasio parkingaren ondorioz. Bada, guk ezetz diogu, porlanari muga jarriko diogu!
Dirua ezin delako jan, eta nekazaritza iragana ez delako, etorkizuna baizik! Tosu betirako!
German Fernandez Torio Tosuko baratzeko erabiltzailea