Michel Camilo piano-jotzailea aurtengo Getxo Jazzeko izar handia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mar. 31a, 22:22

Getxoko 38. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusietako egitarauak baditu izen-abizenak. Horien artean nabarmentzekoa da jaialdiko egun nagusian, uztailaren 5ean, Michel Camilo piano-jotzaile dominikarra eta jazz latinoaren maisuak eskainiko duen kontzertua, Getxoko Kultur Etxeak aurreratu duenez. Bestalde, uztailaren 2an Natalia Dicenta abeslari eta aktorea ariko da eta, 3an, Jack De Johnette eskarmentu handiko perkusionista estatubatuarra, jazz fusion estiloaren erakusle handienetariko bat. Jazzaldiko saio nagusien eskaintza beste bi kontzerturekin osatuko da eta horri Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa ataleko saioak eta jam sessions-ak gehitu behar zaizkio. Michel Camilo (1954, Santo Domingo) izen handiko artista bilakatu da egungo jazz latinoaren eszenan. Teknika aparteko piano-jotzaile eta musikagile handi hau Santo Domingoko Musika Kontserbatorio Nazionalean piano irakaskuntzan graduatu zen 16 urte baino ez zituela eta jarraian bere herriko Orkestra Sinfoniko Nazionalean sartu zen. Argazkian, ikusleak zutik Getxo Jazzeko aurreko edizioetako batean / © Getxoko Kultur Etxea.

1979. urtean New Yorkera joan zen bere trebakuntza biribiltzeko eta bertan bere lehenengo arrakasta handia idatzi zuen, "Why Not!", hain zuzen ere, Paquito D'Riverak eta Manhattan Transfer taldeak interpretatu zutena. 1985ean bere hirukotearekin egin zuen debuta Carnegie Hall-en, nazioarteko jarduera arrakastatsuan hasi zuela. Ordutik hona mundu osoko agertoki ospetsuenetan aritu da piano-jotzailea.

"Michel Camilo", "On Fire", "The Other Hand" eta "Live At The Blue Note" ditu bere lanik arrakastatsuenak jazzaren munduan. Jazzaz gain, musika klasikoaren munduan nabarmendu da Camilo eta hainbat disko kaleratu ditu esparru horretan. Halaber, Dominikar Errepublikako Orkestra Sinfoniko Nazionala zuzendu du eta Estatu Batuetako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari-kide jardun da. Beste genero batzuen artistekin ere aritu da Camilo, eta hiru Grammy sari irabazi ditu, azken horietakoa "What's Up?" diskoarekin. Getxon hirugarren aldiz jardungo da (aurreko bietan arrakasta handia izan zuen) eta hirukotea osatuko du Lincoln Goines kontrabaxu-jotzailearekin eta Cliff Almond bateria-jotzailearekin.

Natalia Dicenta

Bestalde, Natalia Dicenta (1962, Madril) jarduera musikala garatu du antzerti-agertokietan eginiko lanarekin batera. Azken urteotan arrakasta handia lortu du eta kritikoek zein zaleek zuzenean eginiko saioak txalotu dituzte. Getxon, besteak beste, "Colours" bere debuteko diskoaren kantak abestuko ditu. Lan horretan estilo anitzak erakutsi ditu abeslariak, swingean hasita blueseraino, rhythm and bluesa eta boleroa ahaztu gabe.

Jack DeJohnnete

Azkenik, Jack DeJohnnete (1942, Chicago) bateriaren mito handienetako bat da. Charles Lloyden laukotean jotzen hasi zenetik abangoardiako taldeetan aritu da eta baita jazz funkaren eta jazz ortodoxoaren bandetan ere. John McLaughlin, Chick Corea, Dave Holland eta Miles Davisen mailako artisten jardun da eta azken horrekin "Bitches Brew" eta "Live Evil: Miles Davis at the Fillmore" eragin handiko diskoak grabatu zituen, uneko musika paisaia erabat aldatuko zuen jazz eta rockaren arteko fusio lanak, hain zuzen ere. Aipaztekoa da ere Keith Jarrettekin eginiko lana, berarekin hirukote ospetsuan aritu baizen. Ondoren hainbat banda eratu zituen, esaterako Special Edition, eta beste artista handiekin jardun da elkarlanean: Pat Metheny, Herbie Hancock, Eliane Elias, John Scofield... Musikagile, teklatu-jotzaile eta perkusionista arrakastatsua, DeJohnette jazzaren iraultzaile handienetako bat omen da eta gaur egun fusioaren arloan ikertzen jarraitzen du. Horren erakusle da bere azken lana, "Sound Travels", erritmo latinoak eta afrikarrak uztartzen dituena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun