
Madrilgo Estremera espetxetik Cadizko Puerto III kartzelara aldenduko dute Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna eta abokatu presoa.
Berria.info-k atzo zabaldu zuenez, Zuluetaren abokatua den Alfonso Zenonek salatu zuen hura urruntzea "defentsa lana oztopatzea" dela. Zenonen arabera, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak Zuluetari jakinarazi dio urrutiratzeko asmoa, baina erabaki hori noiz gauzatuko duten argitu gabe. Zenonek adierazi duenez, ez ditu Espetxe Zuzendaritzak emandako argudioak xehetasunez ezagutzen, baina, besteak beste, ETArekin lotura izaten jarraitzea egotzita urrunduko dute Zulueta. Pasa den ostiralean eskatu zion Zenonek Auzitegi Nazionalari urrutiratzea eteteko, erabaki horrek "defentsarako eskubidea urratu" egiten duelakoan. Haren esanetan, presoa "mila kilometrora aldentzea defentsa lana oztopatzea da". Zulueta
urtarrilaren 8an atxilotu zuen Guardia Zibilak, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekarien aurka egindako operazioan. Otsailaren 19an,
kartzelatze agindua berretsi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Argazkian, Zulueta atxilotu eta hurrengo egunean Erandion egindako protesta.