Maddi Kanpo Artetxe: "Deserritik sorterrira"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 1a, 20:08

Maddi Kanpo Artetxe - Naiz.info] Bazen garaia. Ongi etorri, merezi duzu eta mila esker. Hauek dira, Isaak, bihotzetik ateratzen zaizkidan lehenengo hitzak, sorterrian zure irribarre polit horrek nire begietan distiratzen duen bitartean. Txikia nintzela ezagutu zintudan beste aldean. Orain gogoratu eta ulertzen ditut, zuen artean ematen zenituzten besarkadak, muxuak, laztanak, malkoak. Pena ematen dit itzulera hau pixka bat lehenago gertatu ez izana, hainbeste maite zenituen eta maite zintuzten zenbait senide eta lagunek zu sorterrian ikusi ahal izateko. Baina ziur naiz haiek, dauden lekuan daudela, ospatu egingo dutela eta, pozik, arro, distiratsu egongo direla. Distiratsu esaten dut, soilik izarrek sor dezaketelako distira, eta gure ondotik alde egin dutenak, egun izar direlako Euskal Herriko zeruan. Argazkian, pasa den martxoaren 23an heldu zen Isaak Kortabitarte Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren kidea Lekeitiora, 34 urte erbestean eman eta gero / © @koldolekitto.

Gogoratzen duzu nolako afari, bazkari, merienda, gosariak egiten genituen elkarrekin? Ni bai. Hendaian, gitarrarekin, abesten. Umeak mahai batean eta nagusiak bestean. Kroketak, txipiroiak, eskalopeak, armagnaca... beti berdina mahai berdinetan. Sarritan, itsasoari begira abesten zeundeten bitartean, elkarren begietara begiratuz malkoak isurtzen zenituzten. Beste batzuetan, ordea, elkar besarkatuz edo eskuak emanda egiten zenuten. Hauek dira nire gurasoek erakutsi dizkidaten baloreetako batzuk, adiskidetasuna eta maitasuna. Erakutsi egin zidaten ere, eta denboraz neure begiekin ikusi eta sentitu ahal izan dut, benetako iraultzailea maitasunezko sentimenduek zuzenduta dagoela. Odol tanta bat ere ez genuen geure artean berdina, baina horrek, egun moduan, berdin zuen. Abesteko, ikasteko, negar egiteko, maitatzeko, amesteko... Elkarrekin egotea zen garrantzitsuena, horretarako egon dira, gaude, eta egongo gara betiko. Momentu txarretan ezin ondoan egon, ‘muga’ ikustezin batengatik. Baina nahiz eta kilometroek gu banandu, elkarrekin geunden, bihotzak ez duelako distantziaz ulertzen.

Eskerrik asko nahi gabe erakutsi dizkiguzuen gauza guzti-guztiengatik. Benetan, zuek zarete eredu. Ez izan dudarik, lekukoa esku onenetan uzten duzue eta. Benetan maite dugunagatik borrokatzen irakatsi diguzue, injustiziak akatuz eta gure ideiak aurrera eramanez, kosta ahala kosta. Mila esker, zarena eta zaretenagatik. Esker anitz 14 urte nirekin konpartitzeagatik. Eta esker mila zuek ezagutzen uzteagatik. Hemendik aurrera ez da agurrik egongo, nahi dugunean, nahi dugun moduan eta nahi dugun lekuetan elkartuko gara. Eta gure aurpegietan ez da malko gehiagorik isuriko, garaipenaren egunera arte. Ados?

Ongi etorri Isaak, ongi etorri zure sorterrira, ongi etorri nire besoetara Euskal Herriaren alde honetan. Nire bihotz txikitik zure bihotz handi eta ederrera milaka musu. Maite zaitut Isaak eta maite zaituztet familia!!! Gora gu ta gutarrak!

Maddi Kanpo Artetxe ikasle itzubaltzetarrak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun